Zumaiako kadete neskak, Euskadiko txapeldun

Baleike 2018ko api. 22a, 21:17

Sorpresa galanta eman dute Telmo Deun arraun elkarteko emakumezko kadeteek Legutioko urtegian jokatutako Euskadiko batel txapelketan. Bezperan abixua eman zuten, sailkatze estropadan denbora onena egin ondoren. Gaur sentsazio on horiek bandera bihurtu dira. 

Estropada galanta egin dute Zumaiako arraunlariek eta Euskadiko txapelketa irabazi dute, 7:39:05 denborarekin. Bigarren sailkatu den Hibaikari bi segundo eta erdiko aldea atera diote. Hirugarren Orio sailkatu da eta laugarren Getaria.

Telmo Deun arraun elkarteko beste bost ontziek kontsolazio sariak jokatu dituzte. Hauetan, emaitza onena emakumezko jubenilek eman dute, bere txanda eta, beraz, kontsolazio saria irabazita, Hibaika eta Arkoteren aurretik. Beste lau ontziak, emakumezko haurrak, eta gizonezko haurrak, kadeteak eta jubenilak, laugarren sailkatu dira. 

Hemen dituzue gaurko finalak emandako denborak eta sailkapenak.

Klubak zoriondu nahi ditu nola ez, arraunlariak, eta baita entrenatzaileak ere: Felix Aizpurua, Maider Urbieta, Jon Martin, Aitor Egaña eta Javi Zulaika.