Itsas aniztasunari buruzko hitzaldia emango du bihar Xabier Minak

Baleike 2018ko api. 18a, 09:30

Apirilaren 6an zabaldu zuen itsas aniztasunaren inguruko argazki erakusketa Oxforden. Xabier Mina urpekariak Kantauri itsasoan ateratako 15-18 argazki ikusi daitezke bertan. Bihar, hitzaldia emango du iruindarrak, 19:00etan, eta erakusketa igandera bitartean egongo da zabalik.

Iazko udaran oso erakusketa antzekoa jarri zuen Xabier Mina itsas zientzialari eta urpekariak Donostiako Aquariumean. Kantauri itsasoan ateratako argazkiak ez ezik, munduko beste txokoetan ikusitako altxorrak ere erakutsi zituen: hala nola, pazifikoan eta Kariben ateratako irudiak. Baina apirilaren 6tik Zumaian ikusgai dagoen erakusketan, soilik Kantauri itsasoan ateratako argazkiak jartzea pentsatu du. Gehienak Zumaia, Mutriku, Hondarribia eta Elantxobe inguruan aterata daude. “Hemen bertan dugun altxorra erakustea da helburua, ez da urrutira joan beharrik itsas hondoaz gozatzeko. Ilusioa baduzu edozein leku izan daiteke aparta, eta hemen ere toki zoragarriak daude”, aipatu du.

Guztira, 15-18 argazkiz osatutako erakusketa hori igandera arte egongo da zabalik. Irudi gehienak egunez aterata daude, baina gaueko bakar batzuk ere ikusi daitezke. “Gauez gauza bitxi edo bereziak ateratzeko da ona, baina berez, eguneko argazkiak hobeagoak dira argi naturala dagoelako”, nabarmendu du. Hain zuzen zailtasunik handiena argi egokia bilatzea da, izan ere, Kantauri itsasoko urak  nahiko nutriente maila handia du, eta horrek ura ez oso argia izatea dakar. “Beste zailtasuna mugimenduan aurkitzen da. Korronteekin zaila da argazki onak ateratzea, eta ura zikina badago ere bai”, azaldu du.

Erakusketako argazkien berezitasuna da guztiak (salbuespen bakarra dago) apnean aterata daudela. “Hau esaten dut jendeari ulertarazteko guztiok dugula ahalmena horrelako gauzak ikusteko. Botilak bere teknika eskatzen du, baina apneak ez”. Nahiz eta apnean igeri egiteko gaitasuna landu egin behar den, itsas aniztasunaz jabetzeko nahikoa da metro gutxi urperatzea. “10-15 metro jaistea nahikoa da gauza gauza ederrak ikusteko, eta arnasaren gaitasuna pixka bat praktikatzen bada ez da gehiegi. Are gehiago, 5-10 metro artean itsas kabrak, txipiroiak, olagarroak, marmokak… ikusi daitezke”.

Bioaniztasuna irudietan

Txikitatik du urpekaritzarako zaletasuna Minak. Itsas zientziak ikasi ondoren, Aztin ibili zen lanean, eta baita Mutrikuko akuikultura eskolan. Egun, Bigarren Hezkuntzan da irakasle Iruñan, eta www.bioaniztasuna.com izeneko web orria du martxan. “Nafarroan euskarazko materiala eskuratzea ez da erraza, eta horregatik, jarri nuen martxan web orria. Mendiko eta itsasoko bideo eta argazki asko nituen eta webeko bideo batzuekin aktibitateak ditut erantsita ikasleekin egiteko”, aipatu du.

Bihar 19:00etan eskainiko du hitzaldia Oxforden. Besteak beste bioaniztasuna zer den, eta leku batzuetan zergatik dagoen gehiago azaltzea izango da bere helburua. Horretarako, munduko leku ezberdinetan grabatutako lau bideo erakutsiko ditu. Horietatik bi Kantauri itsasoan grabatuta daude: bat egunez, eta beste gauez. “Beste bat Papua Gineako koral arrezifeko irudiekin osatutako bideoa izango da. Mundu mailan bioaniztasun handiena duen puntua da, eta azkenik, Cabo Verden itsas dortokei grabatutakoa erakutsiko dut”.