“Guretzat saria da fase hau jokatzea”

Baleike 2018ko api. 12a, 20:49

Euskadiko txapelketan hirugarren amaitu ondoren, Espainiako txapelketako lehenengo fasea jokatuko dute Pulpoko Ttakun tabernako jubenil neskek asteburu honetan. Lubaki kiroldegian izango dira B sektoreari dagozkion partidak, eta zumaiarrekin batera, Felmar BM La Roca kataluniarrek, AD Carballal galiziarrek eta Ferreteria Cubas Vallebuelna kantabriarrek osatzen dute multzoa.

Martxoa amaieran, Euskadiko txapelketa ikaragarria jokatu zuten Pulpoko jubenil mailako neskek Zarautzen. Emaitzei erreparatuz gero, bistakoa da partidu oso lehiatuak izan zirela. Azkenean irabazle izan zen Elgoibarren aurka gol bategatik galdu zuten, eta bigarren gelditu zen Zarautzen kontra, aldiz, bigatik. “Euskadiko txapelketa bikaina osatu genuen, lehiakorrak izan ginen, eta ongi jokatu genuen. Hori izan zen gure helburua; orain, Espainiako txapelketako fase hau jokatzea saria da guretzat”, nabarmendu du Andres Torriko entrenatzaileak.

Urte gogorra izan dute. Jokalari aldetik, nahiko justu ibili dira, eta horrez gain, denboraldi hasieran, atezaina lesionatu egin zen. “Gabezia hori eraman behar izan dugu hasieratik, eta kadeteetako atezainek gurekin jokatu dute. Horietako bat bi urte gazteagoa da, eta bestea hiru urte.  Maila horretan asko nabaritzen da jauzia”, azpimarratu du.

Hain zuzen, Espainiako fase honetan ere, atezain bakarrarekin egongo da Torrikok entrenatzen duen taldea. Izan ere, bigarren urteko kadetea gazteegia da maila horretan jokatzeko, eta beraz, lehen urtekoarekin jokatuko du, hau da, Ainhoa Larrañagarekin. “Nire helburua batez ere, lehiatzea, ongi pasatzea eta esperientziaz gozatzea da. Neska borrokalariak  eta lehiakorrak dira, eta denboraldi honetan sufritu dutena eta gero, merezi dute hau bizitzea”, esan du.

Multzo parekatua

Espainiako txapelketako lehen faseko B multzoa izango da Zumaian jokatuko dena. Torrikok nahiago zuen kanpoan jokatu, baina Pulpok fase hau Zumaiara ekartzeko egin duen ahalegina handia izan dela azpimarratu du. “Etxean jokatzeak bere abantaila onak eta txarrak ditu. Festak dira herrian, jendea etorriko da, eta neskek izan dezaketen nerbioen eta presioen beldur naiz. Hala ere, aspaldi ez da jokatu nesken horrelako fase bat Zumaian eta poztekoa da”, gaineratu du.

Hauek izango dira zumaiarren aurkariak: Kataluniako Felmar BM La Roca, Galiziako AD Carballal, eta Kantabriako Ferreteria Cubas Vallebuelna. Hasiera batean, aurkaririk gogorrena, La Roca talde kataluniarra izan daitekeela uste du Torrikok. “Katalunian hirugarren gelditu ziren, baina badakigu aurkari indartsua dela. Galiziarrak eta kantabriarrak lehenengoak izan ziren beraien lurraldean, beraz, hauek ere ez dira atzean geratuko”, jarraitu du.

Hain zuzen, lehenengo partida, kataluniarren aurka jokatuko dute, eta alde horretatik pozik dago, izan ere, freskoago egongo dira. “Fase finalera pasatzeko lehenengo postuan gelditu behar dugu. Partidaz partida joango gara, eta ikusiko dugu. Neskak oso animatuta daude, eta badakit dena emango dutela”.

Hauek dira partiduen ordutegiak:

Ostirala, apirilak 13:

17:30ean Ttakun Taberna Pulpo K.E. - Felmar BM La Roca

19:30ean AD Carballal - Ferreteria Cubas Vallebuelna

Larunbata, apirilak 14:

17:30ean AD Carballal - Felmar BM La Roca

19:30ean Ferreteria Cubas Vallebuelna - Ttakun Taberna Pulpo K.E. 

Igandea, apirilak 15:

10:30ean Felmar BM La Roca - Ferreteria Cubas Vallebuelna

12:30ean Ttakun Taberna Pulpo K.E. - AD Carballal