Hamar bikotek hartuko dute parte bihartik aurrera XX. esku pilota txapelketan

Baleike 2018ko api. 12a, 14:47

Bihar hasiko da Zumaiako XX. esku pilota txapelketa herrikoia. San Pedro egunera arte jokatuko dira partidak eta bertan hamar bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. Lehen jardunaldia bihar izango da, 17:30etik aurrera Odietan.

Antolakuntzak bi multzotan banatu ditu txapelketa jokatuko duten hamar bikoteak. A multzoan Antia-Agirre, Beñat-Zendoia, Berix-Urbieta, Garcia-Odriozola eta Tumas-Etxabe bikoteak arituko dira; B multzoan, berriz, Aizpurua-Astigarraga, Odriozola-Martika, Oiartzabal-Mendizabal, Eizmendi-Juaristi eta Manterola-Eizagirre. 

Bihar hasi eta maiatzaren 11era bitartean lehen ligaxka bat jokatuko da. Multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuek bigarren ligaxka bat jokatuko dute ekainaren 15era bitartean. Bigarren ligaxkako lau bikote onenek finalaurrekoak jokatuko dituzte ekainaren 22an, eta finala eta 3. eta 4. postuak erabitzeko partida ekainaren 29an jokatuko dira, San Pedro egunean. 

Partidak ostiraletan jokatuko dira Odieta frontoian. Eguraldi txarra izango balitz, Herri Eskolako frontoian jokatuko lirateke. Lehen ligaxkan lau partida jokatuko dira jardunaldiro, eta bigarrenean hiru jardunaldi bakoitzeko. 

Lehen jardunaldi honetan honako partidak jokatuko dira, 17:30etik aurrera:

  1. Odriozola-Martika / Oiartzabal-Mendizabal
  2. Antia-Agirre / Beñat-Zendoia
  3. Eizmendi-Juaristi / Manterola-Eizagirre
  4. Garcia-Odriozola / Tumas-Etxabe
  5. Epaile lanetan Aizpurua-Astigarraga eta Beristain-Urbieta arituko dira. 

Hemen duzue txapelketako egutegia:

Pilota Txapelketa Herrikoia 2018 Eskuz XX. Ekitaldia. EGUTEGIA by baleike on Scribd

Hemen duzue txapelketako araudia:

Pilota Txapelketa Herrikoia Eskuz 2018 XX. Ekitaldia. Arauak by baleike on Scribd