Pentsiodunen borroka apirileko Baleike aldizkarian

Baleike 2018ko api. 6a, 10:13

Hilabete baino gehiago daramatzate beraien eskubideen alde borrokan. Pentsiodunak dira, eta askoren harridurarako, kalera atera dira Madrilgo gobernuak ezarritako %0,25eko igoera salatu eta pentsio duinak eskatzeko. Gaia dagoeneko kalean den apirileko Baleike aldizkarian jorratu dugu. 

Ez da hau izango hilabete honetako aldizkarian aurkituko duzuen gai bakarra. Haritz Jimenez biokimikariarekin hitz egin du parkinson gaixotasunari buruz. Duela bost urtetik hona dabil gaixotasun hori ikertzen eta haren berri azaldu digu. 

Graxian Galarraga errekadista ohiarekin ere egon gara. Bere aita aritu zen lehenbizi lan honetan, eta gero berak hartu zuen negozioa. Guztira sei hamarkada egon dira lan hau egiten. 

Jose Cruz Agirrezabalagarekin ere egon gara. San Telmo kalean duen tailerrean itsas ontzien maketak egiten ditu Jose Cruzek eta bere lan prozesua jakin nahi izan dugu. 

Aldizkaria jada etxebizitzetan jasoko zuten bazkideek. Besteei esan salgai izango duzuela ohiko saltokietan, euro batean.