Uxategiko eta Ubillos atzeko entsegu lokalak erabiltzeko deialdia zabaldu du Udalak

Baleike 2018ko api. 4a, 10:38

Herriko musika taldeen entseguetarako Udalak bost areto ditu Arritokieta azpian kokatutako Uxategia eraikinean, eta beste hiru Ubillos Musika Etxearen atzean. Entsegu lokal horiek erabiltzeko izen-emate epea apirilaren 10etik 27ra izango da.

Lokalen erabilpena Dardara Musika kolektiboak kudeatzen du Udaleko kultur sailarekin duen hitzarmen baten bidez. Lokalen lagapena horretarako erabakitako araudi baten arabera egiten du kolektiboak.

Araudiaren arabera urtero deialdia egin behar da, eta deialdi horri erantzun beharko diote dagoeneko lokaletan dauden taldeek ere. Ezinbestekoa da izena ematea, eta lagapenak urte baterako balio du beti ere.

Lokalak banatzean lehentasuna herriko taldeek dute, eta erabili ahal izateko Dardara kolektiboko kide izan beharko dute taldekideek. Kide aktiboek Uxategian urtean 50€ ordainduko dituzte taldekide bakoitzeko, eta Ubillosen, berriz, kideko 10€ aseguru gabe eta 25€ aseguruarekin. Kide ez-aktiboek, aldiz, Uxategian urtean 150€ ordainduko dituzte taldekide bakoitzeko, eta Ubillosen, kideko 30€ aseguru gabe eta 75€ aseguruakin.

Kide aktiboak

Dardarako kide aktiboek ekintza batzuetan parte hartu beharko dute:

  • Bileretara azaldu: hau da, gutxienez taldekide bat bilera guztietara azaldu beharko du. Bileretan zerrenda pasako da eta abisatu gabe hiru hutsegite egiten duena partaide ez-aktibo izatera pasako da.
  • Ekintzetan lagundu: Urtean zehar egiten diren ekitaldien %50ean zerbaitetan parte hartzen ez bada kide ez-aktibo izatera pasako da.
  • Zuzendaritzako partaide izan, hala beharko balitz.

Entsegu lokalak erabiltzeko izen-emate epea apirilaren 10etik 27ra izango da. Horretarako, izen-emate orria behar bezala beteta aurkeztu beharko da, taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien
kasuan), eta Dardararen kontu korrontean kuota ordaindu izanaren agiria (k/k: 2095 5174 95 10 74 75 1768, pertsonaren izena eta taldearena adieraziz).

Informazio gehiagorako Alondegia kultur etxea: (astelehenetik ostiralera, 9:00-14:30 bitartean),
943-861056 / kultura@zumaia.eus edo dardarazmk@gmail.com helbideetan.