Darahli18

Desertura bueltan

Baleike 2018ko mar. 21a, 20:24

Ostiral arratsaldean abiatuko da Zumaiatik Darahli18 bidaia. Hiru urtean behin elkarte honek antolatzen duen ekimena da eta 90 lagunek hartuko dute parte. Maria eta Jose ikastetxeko eta Zumaiako Institutuko 70 bat ikasle, Darahliko arduradunak eta gazte hauek laguntzen arituko diren 16 begirale joango dira desertura, sahararrek pairatzen duten bizitza ezagutzera, eta ahalik eta laguntza gehien eskaintzera. Apirilaren 1era arteko bidaia izango da aurtengoa.

Katixa Garcia eta Ione Lazkano orain hiru urte joan ziren saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, Darahlik 2015. urtean antolatutako bidaian. Bihar berriro joango dira Aljeriako hegoaldean, desertuan, ezerezaren erdian dauden kanpalekuetara. Orduan ikasle bezala joan ziren; oraingoan, baina, begirale moduan joango dira.

Begirale bakoitzak bost ikasleko taldetxo baten ardura hartuko du. Egonaldiak iraungo duen astebetean saharar familien haima edo etxeetan egongo dira ikasleak, eta baita begiraleak ere. “Plangintzan jasotzen diren lanak egitera eramango ditugu. Gero, egunaren bukaeran, familiekin elkartuko gara egunak zer eman duenaz hitz egiteko. Hala, elkar ezagutzeko aukera izango dugu”, diote bi gazteek.

Gazte hauen lana ez da ikasleak laguntzera mugatuko. Memoriaren inguruko lan baterako elkarrizketak ere egingo dituzte. “Errefuxiatuen hiru belaunaldirekin egongo gara: Mendebaldeko Saharatik ihes egin behar izan zutenak, bizitza kanpalekuetan pasa dutenak, eta etorkizuna aurretik duten gazteak”.

Itzultzeko gogoa

Katixak eta Jonek desertuan pasatako esperientzia ez dute sekula ahaztu. Barrenean geratu zaie orain hiru urte han bizitakoa. “Garbi geneukan itzuli nahi genuela”, esan digute. “Gauez heldu ginen eta ez zen ezer ikusten. Udaletxean familietan banatu gintuzten, eta etxeetara joan ginen. Hurrengo goizean gogoan dut etxetik atera ginela eta berehala haurrez inguratuta geundela”.

Denbora honetan kontaktua mantendu izan dute han ezagututako familiekin. “Mezuak bidali izan dizkiegu. Erantzuten zigun neska orain Aljerian dago ikasketak egiten eta ea bera ikusteko aukera dugun egonaldian zehar”.

Saharar herriaz esaten den guztia egia dela diote bi gazte hauek. “Dena emateko prest daudela esaten digute, eta hala da. Joan ginenean familiari ematen zaion diruaren erdia bakarrik eman genion, bagenekien eta kopuru osoa emanda, dena gastatuko zutela guri harrera onena emateko. Beraientzako zerbait geratzea nahi genuen”.

Bigarren bidaia izango da beraientzat eta lehena ikasleentzat. Esperientzia bizitzea gomendatzen die. “Baliteke ez bueltatzea berriro, beraz, esperientzia ahalik eta gehien bizitzea gomendatzen diegu. Esaten dute bidaia ahaztezina izaten dela eta barrenean geratzen zaizula. Gu unibertsitatean gaude, Darahlin jarraitzen dugu eta bagoaz berriro. Seinale zerbait geratu zaigula”.