Iñigo Peñak brontzezko domina irabazi du Espainiako piraguismo txapelketan

Baleike 2018ko mar. 18a, 17:23

Neguko Espainiako piraguismo txapelketa jokatu da asteburu honetan Sevillan, Guadalquivir ibaian. Estatu osoko piraguistek hartu dute parte bertan. Zumaiatik, Itxas-Gain elkarteko bost piraguista joan dira eta emaitza ederrekin itzuliko dira. 

Xabier Osa entrenatzaileak jarritako helburu guztiak bete dituzte Zumaiako piraguistek. Larunbatean, 2.000 metrotako estropada jokatu zen, eta helburua igandeko jardunaldira pasatzea zen. Bostek lortu zuten sailkapena, inor ez zen kanporan geratu. 

Gaur goizean jokatu dira 5.000 metroko estropadak. Senior gizonezkoen mailan, sprintean erabaki da txapelketa eta Iñigo Peñak brontzezko domina lortu du. Bere esanetan, dominen borrokan sartzea zuen helburu eta, hori behintzat, lortu du. 

23 urtez azpikoen mailan, emakumezkoetan, Irati Osak seigarren postu bikain bat lortu du. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ondoren, hamar onenen artean sailkatzeko helburua jarri zuen Xabier Osa entrenatzaileak, eta asmo hori lortu du. 

Maila berean, baina gizonezkoetan, Itxas-Gaineko bi piraguistek, Imanol Barruetabeñak eta Imanol Txapartegik, larunbatean 70 onenen artean sailkatzea lortu zuten, eta, ondorioz igandeko probara pasatzea. Gaur goizeko proban, Barruetabeña 15. izan da, eta Txapartegi 41. Txalotzekoa bien lana. 

Eta jada ohituta izango gara, baina beste behin ere txapela kentzeko lana egin du Xabier Osak beteranoetan. 50-54 urteko mailan, urrezko domina eskuratu du zumaiarrak.