‘Enigma bizia’ izeneko bisita gidatu berria aurkeztu du Geoparkeak

Baleike 2018ko mar. 16a, 13:38

Geoparkeak 2018ko bisita gidatuen denboraldi berriari ekingo dio martxoaren 24ean, eta aurten, ibilbide berri bat gehituko zaio eskaintzari. ‘Enigma bizia’ izeneko bisitak, Geoparkera datozen bisitariei euskara eta euskal kulturaz ezagutza handitzeko aukera emango die.

‘Enigma bizia’ bisita gidatua, Geoparkeak denboraldi honetarako prestatu duen proposamen berria da. Ibilaldi hau, Pulpo elkartean amaituko da, eta hain zuzen, gaur, bertan izan dira denboraldia aurkezten Oier Korta Zumaiako alkatea, Leire Barriuso Geoparkeko gerentea, Garbiñe Mendizabal Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Maria Jose Telleria  Aldundiko Kultura zuzendaria, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen balio natural eta geologiko ikusgarriaz gain, ondare kultural garrantzitsua ezagutaraztea dute helburu urtean zehar Deban, Mutrikun eta Zumaian eskaintzen diren bisita gidatuek. Aurten, bisita gidatuen zortzigarren denboraldia izango da, eta berrikuntza batekin dator.

Hain zuzen, Zumaiako Udalak sustatu eta Euskara eta Turismo sailen ekimenez, ‘Enigma bizia’ izeneko bisita txertatu da aurtengo Geoparkearen egitarauan. “Flyschak nazioarteko mapan jarri gaitu, eta jasotzen ditugun bisitari kopuru handiena Estatutik dator. Honi erreparatuz, bisita honen helburua izango litzake euskara bultzatu eta balioan jartzea”, nabarmendu du Oier Korta alkateak.

Iaz, Geoparkeak antolatutako bisita gidatuetan 18.072 pertsonek parte hartu zuten, eta eskaintza berriarekin, Geoparkearen balio geologiko eta naturalaz gain, euskal kultura, historia eta beste hainbat aspektu nabarmendu nahi da. “Unesco sareko Geoparkea izatean, hauek aldarrikatzen dituzten balioak, hau da, kultura, hezkuntza eta zientzia gure oinarri dira ere. Bisita berria oso ongi txertatzen da  gure programan. Are gehiago, aurretik ere eskaintzen genituen kulturarekin lotutako bisitak, baina honek sendotu egingo du arlo hori”, adierazi du Leire Barriusok.

1.300 bisita programatua

Hizkuntza ardatz hartuta, Zumaiako kaleetan barrena egingo da bisita. 90 minutuko iraungo ditu, eta modu atsegin eta entretenigarrian, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen berri emango da. Bisita gazteleraz egingo da, baina bisitariek, oinarrizko hitz eta esamoldeak euskaraz esaten ikasteko aukera izango dute. Ibilaldiaren amaiera Pulpo elkarte gastronomikoan egingo da mokadutxo batekin. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Pulpo elkarteari. Kanpotik datozenentzat elkarteen figura hau deigarria izaten da, eta bisita honi esker gure kulturako beste zati bat erakutsiko dugu”, esan du Kortak.

Martxoaren 24an hasiko da bisita gidatuen denboraldia, eta urte bukaera arte luzatuko da eskaintza. Guztira, 16 bisita gidatu ezberdin daude, eta 1.300 programatuta. “Proposamen berriaz gainera, ohikoek jarraituko dute: itsas-ibilaldiak, familian egiteko aukerak…”, gaineratu du Barriusok. Informazioa guztia www.geoparkea.eus webean aurkitzen da.

Zein da enigma?

Kike Amonarriz izan da bisita gidatuaren gidoia idatzi duen pertsona, Zumaiako Udaleko Euskara eta Turismo zerbitzuaren laguntzarekin. Lan hau egiteko ideiak ilusio asko piztu ziola aitortu du soziolinguista ezagunak. “Baina pentsatu nuen: hau nola egiten da? Nola kontatuko dugu euskal kultura zer den kalean? Zer kontatuko dugu?”, adierazi du.

Erronka handiena, beraz, zer eta nola kontatzeko modua erabakitzea izan da. “Kontatu nahi dugu hizkuntza nondik datorren, zein ahaidetasun ditugun, gure ohiturak zeintzuk diren, gure kirolak… Baina benetan, gure misterioa zein den kontatu nahi dugu. Hau da, nola  iritsi gara XXI. mendera?”, nabarmendu du.

Maria Jose Telleria  Aldundiko Kultura zuzendariaren iritziz, azpimarratzekoa da Geoparkea osatzen dute hiru udalerriek egiten duten elkarlana. “Europako kontseiluak, eta Aldundiak ere bat egiten du horretan, baloreen kultura indartu nahi du. Gaur hemen aurkezten ari garen bisita gidatuak euskararen eta euskal kulturaren presentzia handitzen du, eta eskerrak ematen dugu”.

Garbiñe Mendizabal Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria ere bat dator Telleriarekin. “Azken urteotan bisitari kopuru asko jasotzen ari gara, eta zergatik ez erakutsi gure hizkuntza, historia, kultura? Nondik dator euskara? galdera aitzakia bezala hartuta, Koldo Mitxelenak zioen bezala, euskararen misterioa ez da jatorria, baizik gaur arte iraun duela. Ideia horri tiraka, gauza polit asko ezagutuko du etortzen denak”.

Ibilaldiak euskara eta euskal kulturaren ikuspegi global bat emango du, baina, Zumaiako erreferentzia asko izango ditu. 90 minutuko bisita honek 9 geldiune izango ditu guztira.

Bigarren errebalida prozesua

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010ean sartu zen Unescoren Munduko Geoparke izendapenean, eta lau urtetik behin errebalida prozesua pasatu behar izaten du. “Lehenengoa 2014an pasa genuen, eta aurten bigarrena daukagu. Udaran etorriko dira Unescoko bi ebaluatzaile hona, eta hauek ongi hartuko dute kulturarekin eta euskararekin hartu dugun konpromisoa eta lana. Bisita berri honek asko aberasten du gure programa”, aipatu du Barriusok.