Gipuzkoa Encounter topaketak 3.200 lagun elkartu ditu

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko mar. 13a, 08:50

Jende kopuru galanta elkartu zen Tolosan asteburuan izandako informatikaren inguruko topaketan. Euskadiko teknologiaren epizentro bihurtu zen Gipuzkoako herri hau.

Informatikaren eta teknologia zaleen topaleku bihurtu den Gipuzkoa Encounter ekimenak aurreikuspen guztiak ganditu ditu: partaideak eta bisitariak batuta, 3.200 lagun elkartu ziren Tolosan. Ekimenak iraun dituen hiru egunetan, publikoarentzat zabalik egon den guneak zale asko elkartu ditu. Antolatzaileak oso pozik dira ekimenak “erabateko arrakasta” izan duelako. Markel Olano diputatu nagusiak bere aldetik adierazi du ekimen isolatu bat izatetik, egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin gero eta lotuago egotera igaro dela.

Prestakuntza-ekintzen eskaintzari esker, ezagutzak partekatzeko aukera izan dute bertaratuek informatikaren gaineko segurtasuna, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan.

Ohikoan elkartzen diren 600 parte-hartzaileez gain, 2.600 bisitari hurreratu ziren informatikaren inguruko jardunaldi hauetara. 600 metro koadroko zona irekian, Opengunean, gai anitzen inguruan ikasteko aukera izan zen: segurtasun informatikoa, zibersegurtasuna, datu pertsonalen babesa, droneak, robotika edota datuen analisia, besteak beste. Era berean, etxeko txikiek doako tailerrak izan zituzten robotikan eta led argien programazioan trebatzeko. Eta bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini zituzten.

Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da Gipuzkoa Encounter. Izan ere, honako ezaugarriak ditu: segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa. Azpiegitura hauek aprobetxatuz, super-ordenagailu bihurtu da Tolosako Usabal kiroldegia.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.