'Hysteria' antzezlana, gaur, Aita Mari zinean

Baleike 2018ko mar. 9a, 15:33
Argazkia: Eider Iturriaga

Zestoako Eromen Produkzioak taldearen Hysteria antzezlana ikusteko aukera izango da, gaur, 22:00etatik aurrera, Aita Mari zinean. Amancay Gaztañagak idatzitako lehen antzezlana da, eta histeria femeninoa du ardatz. Sarrera, 19:00ak arte turismo bulegoan egongo dira salgai, eta antzezlana hasi aurretik aretoko leihatilan, 6 euroan; 4 euroan gazte txartelarekin. 

Emakume baten istorioa, emakume batek kontatuta. Eta gai bat: “Errepresioa”. Horixe da Hysteria, Amancay Gaztañagak idatzi eta zuzendutako obra. “Emakumeen errepresioari buruz hitz egin nahi nuen. Askotan, gai hori aipatzen dugunean, oso urrutira joaten zaigu burua, beste garai batzuetara, eta ez gara konturatzen gaur egun oraindik hor dagoela, ordutik ia ez dela ezer aldatu. Analogia hori egin nahi izan dut”.

Urola Kostako Hitzak eman zuen antzezlanaren berri Azpeitiko Antzerki Topaketan erakutsi aurretik. Hemen irakurri dezakezue.