Errei bakarrarekin, gutxienez uztail erdialdera arte

Baleike 2018ko mar. 8a, 11:23
Aintzane Oiarbide –eskuinean–, gaur Santiagoko lanetara egindako bisitan.

Bihar, ostirala, kostako errepideko errei bat zabalduko dute Santiagoko tunelaren parean, 18:00etan. Lanek, baina, luze joko dute, eta gutxienez uztail erdialdera arte errei bakarrarekin moldatu beharko dela jakinarazi du gaur Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. 

Kostako errepidea erabat itxita dago otsailaren 3an Santiagoko tunelaren parean luizia gertatu zenetik. Hilabete pasatxo behar izan dute malda egonkortzeko lehen lanak egin ahal izateko, eta bihar arratsaldean errei bat zabalduko dute trafikoarentzat. Dena den, lanak ez dira oraindik amaitu eta luze joko dutela iragarri du gaur Aintzane Oiarbide errepideetako diputatuak, Santiagoko lanetara egindako bisitan.

Oiarbidek azaldu du lehen fasea ari direla amaitzen: "Labarraren gainaldean egonkortze lanak egin dira, hormigoizko hesi bat eta eskoilera bat eraiki dira. Orain falta da urak jasotzeko lanak amaitzea: Lehen fase hau martxo bukaerarako amaituko dugu". Lehen fase honetarako aurrekontua 180.000 euro ingurukoa da. "Larrialdiko prozeduraz" egindako lanak izan direla azaldu du, ahalik eta azkarren amaitu ahal izateko.

Baina horrekin ez dira egin beharrekoak amaituko. Bigarren fasean, malda osoari eutsiko dion altzairuzko sare bat jarriko dute, luizia gertatutako tartean eta aldamenean, gaur egun dagoen sarea kenduta. "Bigarren fasearekin maiatzean hastea espero dugu. Aurretik, proiektua idatzi behar da eta lanak lehiaketara atera. Bi hilabete eta erdiko obra izango dela kalkulatu dugu. Beraz, gutxienez, uztail erdialdera arte beharko dugu amaitzeko". Eta lanak erabat amaitu arte errei bakarra egongo da zabalik, lehen fasea martxo amaieran bukatu eta bigarrena maiatzean hasi bitartean ere bai, segurtasunagatik.

Zortzi milioi euroko inbertsioa

Zumaia eta Zarautz arteko errepide zatian zortzi milioi euroko inbertsioa egingo du Aldundiak legealdia amaitzerako. "Urtean bi milioi inguru ari gara inbertitzen, errepideari eusten dion horman sendotze lanak egiten, prebentzio plan baten barruan. Baina dena ezin da aurreikusi eta tarteka gertatzen diren luiziak ezin dira ekidin". Prebentzio plan horren barruan, apirilean Izustarri pareko labarra egonkortzeko lanak egingo dituzte.

Erlazionatuak