GUTUNA: Ardantzabideko aparkamendu ordenantzarekin kezka eta haserrea

Ardantzabideko eta San Telmo kaleko bizilagun talde bat 2018ko mar. 7a, 12:07

San Telmo kaleko eta Ardantzabideko bizilagun talde batek igorritako gutuna jaso dugu. Bizilagun hauek auzoko aparkamendu ordenantza dela-eta "kezkatuta eta haserre" daude. Sinadura bilketa abiatu dute herritarren artean, eta bereziki Ardantzabide zonaldeko auzokideen artean. Ardantzabide eta San Telmo kaleko atarietan eta komertzioetan jarri dituzte sinadura biltzeko paperak.

Hemen duzue jaso dugun gutuna:

"Idatzi honen bitartez, jarraian sinatzen dugun Zumaiako herritarrok, gure desadostasuna adierazi nahi dugu 2017tik indarrean dagoen ibilgailuen aparkamendua arautzen duen ordenantzarekiko. Bereziki, 1 zona (Ardantzabide) arautzeko harturiko erabakiek kezkatzen gaituzte, bertako egoiliarrentzat neurri bereziak ezartzea suposatu baitu.

- 1 zonan, komertzio berri baten irekieraren eraginez eta urte guztian aparkalekua bertokoentzat bakarrik izango dela argudiatuz, bertan erroldatuta gauden herritarrak tasa gehigarri bat ordaintzera behartuak gaude. Herritarren artean ezberdintasunak sortzen ditu neurri honek.

- Ordenantza honetako 6 artikuluaren arabera,

  • Uda aldian, Ardantzabideko zonan (1 zonan), Ardantzabidekoek, Alde-Zaharra eta San Josekoek, eta Arrangoletakoek zona bakar gisa funtzionatuko dute.
  • Gainerako aldietan, Ardantzabide eta Alde-Zaharra–San Jose zonakoek, 1.go zonan, hau da, Ardantzabiden aparkatzeko aukera izango dute.

Beraz, zona berean aparkatzeko Ardantzabideko herritarrek tasa gehigarri bat ordaindu behar dute, gainontzeko zonako herritarrek ez dutena.

- Tasa ordaintzeak ez du aparkalekua izatea bermatzen. Udalak emaniko datuen arabera, zona honetan :

  • 380 auto daude erroldatuta, horietatik 271 Ardantzabidekoak.
  • 136 aparkaleku azaleran (libre) eta 286 pribatu daude.
  • 432 egoiliar txartel banatu dira.

Beraz, 432 auto daude 136 aparkaleku libreetan aparkatu dezaketenak.

- 2017an 15€ tasa ezarri zen Ardantzabideko egoiliarrentzat. 2018an 25€-ko tasa ezarri da lehen autoarentzat. Honek, onartezina den %66,67 ko igoera bat suposatzen du.

Jakitun gara, Zumaian aparkalekuekin arazo handia dagoela eta horrek nolabaiteko arautze bat ekarri behar duela herritar guztien onurarako. Baina ez dugu uste, arautze horrek, herritarren artean ezberdintasunak sortu behar dituenik, ezta ere, herritar batzuek beste herritarrek baino tasa gehiago ordaindu behar dituztenik.

Ondorioz, honakoa eskatzen diogu Udalari:

- Egoiliarren txartela doakoa izatea herritar guztientzat eta guztiok herri osoan dohainik aparkatzeko aukera izatea urte osoan.

- Aparkaleku berriak sortzea, uste baitugu ez TAOk, ez egoiliar txartela ordaintzeak ez dutela herrian dagoen aparkamendu arazoa konpontzen.

- Errotazio handiko eta egonaldi ertaineko zonen banaketa justua egitea.

- Aurrerantzean sortu diren araudi eta ordenantza berrietan herritarren iritzia eta beharrak kontuan hartzea.

 

Ardantzabideko eta San Telmo kaleko bizilagun talde bat"