Xabi Landa: “Iritsiko da progresioa motelduko den garaia, baina hazteko tartea dut oraindik”

Baleike 2018ko mar. 6a, 08:56

Ingeniaritzako ikaslea izateaz gain, Xabi Landa kulturismoaren munduan barneratu da. Bere lehen txapelketan, Kantabria-Nafarroa-Euskal Autonomia Erkidegoa txapelketan, garaipenetik gertu ibili ostean, helburu handiagoen bila dabil orain. Entrenamendua eta elikadura zaintzea ezinbestekoak dira “askok ulertzen ez duten” mundu honetan, eta bere egunerokoaren berri eman dio Baleikeri.

(Elkarrizketa hau urtarrileko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Zerk bultza zintuen kulturismo txapelketetan parte hartzera?

Gimnasiora joaten hasi nintzen, futbolarekin erre egin nintzelako, eta gustatu egin zitzaidan. Ondoren, elikadura zaintzen hasi nintzen, eta orain arte. Lehiatzera animatu ninduena txapelketa bat ikustera joatea izan zen, Arnold Classic txapelketa (Europako txapelketa). Han ezagutu nuen nire entrenatzailea, kasualitatez. Ilaran geunden bazkaria erosteko, eta hitz egiten hasi ginen. Eta halaxe hasi nintzen. Bilbo ingurukoa da bera, eta ni ere han nabil ikasten. Aurreko urteko irailean izan zen hori, eta bederatzi hilabetez prestatu nintzen lehen aldiz lehiatzeko.

Futboletik gimnasiorako pausoa eman zenuen, kirol ezberdin samarrak biak.

Futbola utzi eta “orain zer?” pentsatu nuen. Gimnasiora joan eta korrika, biak egiten nituen, baina pentsatu nuen bietako baten alde egin behar nuela. Pisua altxatzearen alde egin nuen.

Eta jendeak nola ikusten du egiten duzuna?

Jendeak uste duen lehen gauza da kulturista batek denetik hartzen duela, eta ez da hala. Bada erakusketatzat hartzen duen jendea ere, eta ez kiroltzat. Jendeak ikusten nauenean gimnasioan lau ariketa jarraian egiten, eta ondoren ispiluaren aurrean…, gaizki pentsatzen du. Izan ere, entrenatzen ari naizen bitartean posturak landu behar ditut. Denborak aurrera egin ahala, ordea, ikusten dute zerbaitegatik egiten dudala.

Inguruak ere nolabait erreakzionatuko zuen lehiatzen hasi zinenean.

Hasieran, etxean ez zuten ondo ikusi, kanpotik dagoen ikuskera horregatik: zerbait injektatu beharra dagoela eta antzekoak. Jendeak esaten dit ezin dela ona izan gorputzean hainbeste aldaketa izatea, baina lana dago aldaketa horien atzean. Lagunek ere babesten naute, bakoitzak bere eran. Etxekoek lehiatzen ikusi nindutenean, ordea, gauza aldatu egin zen. Lehen eta azken txapelketa izan behar zuen hark. Eszenatokitik jaitsi eta denek zoriondu ninduten. Amonari bi musu ematera joan eta galdetu zidan noiz den hurrengoa. Broma zela uste nuen.

Sakrifizioa eskatzen al du kirol honek?

Ezetz esanez gero, gezurra esango nuke. Jende askok galdetu dit ea zenbat ordu entrenatzen naizen. Berez, gimnasioan ez dut igarotzen denbora luze, baina ez da hori bakarrik. Gimnasioan denbora gehien igaro behar dudan garaian, bi ordu izaten dira, asko jota, baina etxean janaria zaindu behar dut eta gosaldu aurretik ere ordubete oinez ibiltzera irten behar izaten dut. Sei edo zazpi janaldi egin behar ditut garaiaren arabera, eta horrek denbora eskatzen du. Nolabait lotu egiten zaitu. Gogoan dut txapelketa bat ikustera joan nintzenean, azkena: goizean goiz ibiltzera irten eta eraman beharreko janaria kalkulatu behar izan nuen.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Gogorrak. Jende asko ikusten dut ariketak egiten, eta ikusten dut gaizki ari direla. Badakit, nik ere lehen hala egiten nuelako. Orain, entrenatzaile batekin, errazago eramaten dut, elikadurak ere horretan laguntzen dizulako. 3-4 serie egiten ditut nik txandako; beraz, lau makina jarraian igarotzen ditut. Astean lau aldiz entrenatzen ari naiz orain, baina garaiaren arabera zazpi egunera ere iristen naiz. Entrenamendu motzak dira, baina muskulua uneoro lanean ari da. Odolaren ponpaketa azkartzen du horrek, muskuluan odola sartu eta zuntzak apur ditzan. Hori da helburua.

Beste zatia elikadurarena da. Nola daramazu?

Garaiak daude. Gutxi jaten duzunean gaizki zaude, goseak zaudelako, eta asko jaten duzunean gaizki zaude, ez zaudelako goseak, baina jan egin behar duzu. Orain, egia esan, ondo nago, bien tartean. Halere, nahiago dut gutxi jan eta gosea pasa, jan eta jan egon baino. Gabonetan tokatuko zait asko jan behar hori.

Hori ere ez da samurra izango, kalera irten edo Gabonetan afaria, baina zer jan zaindu behar.

Aurten zortea edukiko dut, entrenatzaileak tarte handiagoa emango didala esan didalako. Aurreko urtean gogorra egin zitzaidan. Denak bapo afaltzen, eta nik nire platera nuen, edo pintxopora irten eta ezin pintxorik jan. Garai txarrak eduki ditut, bertan behera uzteko gogoa ere izan dut. Ni tuperrarekin ikusten nuen neure burua, eta gainontzekoak nahi zituzten litxarreria guztiak jaten.

Elikadurarekin lotuta, gehigarrien kontua kritikatzen da asko kanpotik.

Bai. Ni momentu honetan ez naiz asko hartzen ari. Txapelketa gerturatzean, ordea, hartu egin behar dituzu, gorputzak defizit asko dituelako. Txapelketa iristean oilasko eta arrain asko jaten duzu, arroz eta pasta integrala, barazkiak… Beraz, agian, goizean zazpi pastilla hartu behar dituzu: multibitaminikoa, digestiboa, gibela eta giltzurrunak babesteko beste batzuk… Beti zaintzen ari zara. Behar batzuk betetzeko dira, zure dieta proteina eta hidratoetara mugatzen bada, gainontzekoak nolabait lortu behar dituzu: bitaminak, mineralak… Eta babesgarriak, noski, egunero berdina jaten ari zara eta. Hartu ezean, aldaketa ematen duzun garaian gorputzak sufritu egiten du. Lehiaketaren ondoren “zerriak bezala” jartzen gara, eta gorputza horretarako prest ez badago…

Nola eragiten dizute gorabehera horiek?

Txapelketa gerturatzen ari den momentuan, jasanezin jartzen naiz, gero eta gogorragoak direlako entrenamendu eta dieta. Fisikoki oso ongi ikusten duzu zure burua, baina edozer esanda salto egiten duzu. Familiak eta lagunek aguantatu egin behar dute hori.

Eta nola izan zen lehen txapelketa hori, Kantabria-Nafarroa-Euskal Autonomia Erkidegoa txapelketa?

Kaotiko xamarra, aurretik egin beharrekoak batez ere: brontzeatzeko tindagaia, diuretikoak, possinga (bainujantzia) erosi. Kontrolatzen ez nituen gauza asko egin behar nituen. Bainujantziarena, adibidez: aurrez erosi, eta gero konturatu nintzen nire neurriak aldatuz zihoazela. Modista batengana joan behar izan nuen konpontzeko.

Jada estreinaldia eginda, zer helburu dituzu aurrera begira?

Baditugu data batzuk markatuta. Gertuen dagoena Euskadiko txapelketa da, baina proba moduko bat izango da. Lehen data garrantzitsua Espainia Iparraldeko txapelketa da. Han gauzak ondo egiten baditut podiora igo edo garaipena eskuratu, Espainiako txapelketa izango litzateke hurrengo pausoa.

Txirrindulariek bezala, zuenean ere forma pikoak daude.

Hori da, goia joko genuke Espainia Iparraldeko txapelketan, eta ondoren Espainiakora arte mantentzen saiatu jaitsi aurretik.

Txapelketak kategoriaka banatzen dira, ezta?

Bai, kulturismoa, classic… Zuk nahi duzun kategorian ematen duzu izena, eta ondoren pisuka banatzen da barruan, bost kiloka. Nik parte hartu nuenean ez zen banaketa hori egin, ez ginelako hainbeste; beraz, denok batera egin genuen, eta ni nintzen gutxien pisatzen zuena, 80,5 kilorekin. Baina, bestela, nik jendea ikusi dut ezin pisu zehatz batetik pasa eta lasterka 300 gramo botatzeko.

Kirol konpetitiboa izango da, konparaketan oinarrituta egonik.

Noski. Batzuk behin eszenatokira igota disfrutatzera igotzen dira, beste batzuek gaizki begiratzen dizute, lehiatzera igo dira eta. Denetik dago, oso jende jatorra ere bai, denean bezala. Parte hartu nuen txapelketan, epaileek esan zidaten bi kilo gutxiago izanez gero irabazi egingo nuela [bigarren egin zuen]. Iritziak dira denak, bost epailek nire alde egin zuten, eta beste bostek bestearen alde; orduan, epaimahaiburuak besteari eman zion garaipena.

Askotan erantzungo zenuen zerbait da, baina zenbat aldatu da zure pisua?

Askok galdetu didate. Gimnasioan hastean 68 kilo pisatzen nituen, txapelketara joatean 80,5. Lehengo urtean, bolumena hartzen ari nintzenean, 94 kilora ere iritsi nintzen. Jende askok ez du ulertzen aldaketa hori. Txapelketan ikaragarri nengoela esan didate, eta orain okerrago nagoela, baina txapelketakoak 72 ordu irauten du. Jendeak ez du ulertzen hori ezin dela nahi adina denbora mantendu. Nahi bai.

Ba al dago mugarik, alde horretatik?

Nik uste muga 100 kilotik gora lehiatzen diren horietan egon daitekeela. 80 kilo inguruan, nire tailan, zaila da, baina ez dut esango ez dagoenik. Iritsiko da progresioa motelduko den garaia, noski, baina hazteko tartea dut oraindik.

Entrenatzaile ere aritu zara.

Eta jarraitzen dut. Entrenatzaile pertsonal eta nutrizionista tituluak ditut nik, maila aurreratuan biak. Badakit zer egin bezeroekin. Adibidez, ibili eta dieta zainduta 93 kilotik 73 kilora jaitsi zen neska bat nirekin, hiru hilabetean. Batez ere pisua jaitsi nahi duen jendea eduki dut. Badakit nire formulak funtzionatzen duela, nik neuk jarraitzen dudalako. Nirekin egon den jendea gustura egon dela uste dut.