Panda Raid probarantz abiatu dira Jesus Mari Aranzabal eta Mikel Zubia

Baleike 2018ko mar. 2a, 11:48

Jesus Mari Aranzabal bere tailerrean, Panda Raiderako prestatu duen autoarekin.

Gaur goizaldean abiatu dira Madrilerantz Jesus Mari Aranzabal zumaiarra eta Mikel Zubia oñatiarra, Panda Raid probaren irteera puntura. Marokoko basamortuetan ibiliko dira astebetez, etapaz etapa, beste 350 bat Seat Panda autorekin batera.

Jesus Mari Aranzabalekin egon gara Madrilerantz abiatu baino ordu batzuk lehenago. Artean autoari azken ukituak egiten topatu dugu bere tailerrean. Proban parte hartzeko ekimena Mikel Zubia oñatiarrarena izan dela kontatu digu: "Mikelek Arroan dauka enpresa. Aurrena etorri zitzaidan ea autoa prestatuko nion galdezka. Gero, kopiloto bat behar zuela eta ea animatuko nintzen. Eta halaxe sartu gara abentura honetan".

Aranzabalek bi hilabete eta erdi pasa ditu autoa prestatzen. "Ordu piloa sartu ditut kotxea prestatzen. Ia dena berria jarri diogu. Garrantzitsua da kotxea ondo prestatuta eramatea, gero han geure kabuz moldatu behar dugulako". Etapa bakoitzeko helmugan parte hartzaileentzat prestatutako guneak egongo dira, zenbait zerbitzurekin, baina lotarako kanpin dendak beraiek eraman behar dituzte. "Gosaria eta afaria emango digute, baina bazkaria gure kontura egin behar dugu etapan zehar". 

Basamortuan orientatzeko iparrorratza erabili beharko dute, satelite bidezko GPS sistemarik ez da onartzen. "Iparrorratza erabiltzen ere ikasi behar izan dut hilabete hauetan...". Dena den, lasterketa bat baino gehiago, abentura bat dela dio. "Pentsa, aurrena Madriletik Motrilera goaz, han itsasontzia hartu eta Marokora, eta segidan, itsasontzitik jaitsi eta lehen etapa gauez!". Ez Zubiak, ez Aranzabalek, ez dute esperientziarik halako probetan, baina egunez egun, ikasten joatea da asmoa. 

Pare bat bideo kamera ere instalatu dituzte kotxean eta bueltan kontatuko digute nolako abentura bizi izan duten.