Erakusketa batekin hasiko du Darahlik aurtengo Lankidetza astea

Baleike 2018ko mar. 2a, 09:25
Argazkia: Andoni Labaka

Martxoaren amaieran 90 kidez osatutako taldea Saharako kanpalekuetara joango da Darahlik antolatutako bidaian. Aurretik, jada ohikoa denez, Lankidetza astea egingo du elkarteak, eta horren baitan erakusketa  zabalduko du, gaur, Alondegiko Oxford aretoan.

Erakusketak Sahara, 40 urteko exilioa du izenburua eta Andoni Labaka argazkilariak azken sei urteotan saharar errefuxiatu eremuetan, eta Mendebaldeko Saharan egindako zuri-beltzeko 40 argazkiz osatzen da. Erakusketa ibiltari hau Euskal Fondoaren kide diren udalen esku dago.

Argazki erakusketaz gain, ikus-entzunezkoen txokoa eta informazio mahaia ere jarriko du Darahlik Oxforden. Martxoaren 2tik 11ra bitartean bisitatu ahal izango da, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburu eguerditan ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara.

Beste ekintzak

Erakusketarekin batera, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Darahlik. Guztiak Alondegiko Oxford aretoan egingo dira.

Martxoaren 3an, larunbata, 12:00etan, umeentzako jolasak eta tailerrak izango dira: pintura, aurpegi margotzea, eskulanak, puxika jolasak, hondar tailerra, etab.

Martxoaren 6an, 18:00etatik aurrera, Darahli 2018 proiektuaren aurkezpen eta ekitaldi ofiziala egingo da. Bidaian parte hartuko duten ikasleen gurasoei zuzendutako informazio bilera egingo da. Ondoren, ekitaldi ofiziala egingo da Frente Polisarioko, Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariekin.

Martxoaren 10ean, larunbata, 19:00etan, Maria Martinezen eta Amaia Dominguezen kontzertua egingo da.