Onditz Urruzmendik irabazi du Zumaiako txirrindularitza saria

Baleike 2018ko ots. 24a, 15:08
Argazkia: Sara Utrera

Zumaiako X. txirrindularitza saria jokatu da gaur goizean. 150 korrikalarik hartu dute parte Elite eta 23 urtez azpikoen Euskaldun torneoarako puntuagarria den lasterketa honetan. Horietatik 127 heldu dira helmuga puntura. 

Pelotoia goizeko 10:00etan abiatu da Eusebio Gurrutxaga plazatik. Zumaiako saihesbideari bi itzuli eman ondoren, Zakila Birari beste sei buelta eman dizkiete ziklistek. Zumaiako karreraren ibilbidea 112 kilometrokoa da. Hasi eta gutxira lau txirrindulariren ihesa izan da. Garikanok (Caja Rural), Gallegok (Eulen), Ibargurenek (Baqué) eta Marquezek (Lizarte) osatu dute ihesaldia. Ia lasterketa osoa joan dira aurrean, baina amaiera hurreratzen ari zela, Ampo eta Eibar Energia taldeetako txirrindulariak pelotoiaren aurrean jarri dira. Proba honetan dagoeneko ohikoa den bezala, sprintean erabaki da, eta hor azkarrena Eibar Energia taldeko Onditz Urruzmendi izan da, 2:43:27 den denborarekin. Bigarren Caja Ruraleko Jose Daniel Viejo izan da, eta hirugarren Lizarteko Alex Jaime. 

Taldekako sailkapenean Aiarabike taldea izan da onena, Lizarte eta Baqueren aurretik.

Aitor Olaziregi Ampoko txirrindulari zumaiarra pelotoitik minutu eta 12 segundora heldu da 110. postuan. Viveros San Antondik ateratako txirrindulariei dagokionez, Gorka Etxabe 18. postuan heldu da eta Jon Agirre 53.a izan da, irabazlearen denbora berean.