Voltaiak Katapultaren bultzada izango du

Baleike 2018ko ots. 8a, 16:23

Voltaia hirukotea izango da aurtengo Katapulta Tour Gipuzkoan (KTG) arituko den taldeetako bat. Guztira musikako eta arte eszenikoetako 30 bat artista hautatu dituzte programa honetarako eta horien artean da Zumaiako rocka taldea. Horrez gain, Zumaia zirkuituan sartuko da FederArte euskal surf kultura jaialdiarekin sinatutako akordioari esker. 

KTG musikaren eta arte eszenikoen arloan hemengo talentua sustatzen laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Buenawista Prolleckziom`s-ek abian jarritako programa bat da. Bertako artisten lana bultzatzeaz gain, kultur programazio egonkorra duten espazioek duten garrantzia nabarmentzea; eta eszena kulturala dinamizatzea ere bada bere xedea.

Kutxa Kultur Musika programak ere parte hartzen du proiektu honetan, eta egonaldietako deialdian hautatutako taldeak jarriko ditu. Horrez gain, Jazzaldia ere lankide izango da, hemengo taldeen lehiaketako kontzertuak sartuko baitira programan.

Hirugarren urtez antolatu dute programa hau, eta aurreko urteetan bezala, hautatzen prozesuan parte-hartze zabala izan da: 68 musika talde, bakarlari edo proiektuz, eta arte eszenikoetako beste 17 proiektuk hartu dute parte.

Musika arloko lau eta arte eszenikoko beste bi proiektu hautatu dituzte aurtengo Katapulta Tourrerako, horien artean Voltaia. Beste hirurak Azkoitia eta Eibarko kideez osatutako Deus ez, Nerabe donostiarrak eta Juan Valls oñatiarra dira. Bestalde, Kutxa Kultur Musikak beste sei talde hautatu ditu, eta, horrez gain, beste 15 talde Heineken Jazzaldiaren hautatze prozesuan ari dira parte hartzen.

Kontzertu ugari

Makina bat emanaldi emango dituzte hautatutako taldeek. KTGk eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako taldeen 56 emanaldi aurreikusten ditu Gipuzkoako espazio eta jaialdi desberdinetan. Heineken Jazzaldiak aukeratutako taldeen 10 emanaldi izango dira uztaileko jaialdian, eta KTGk eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako taldeen beste lau emanaldi izango dira jaialdi horretan bertan. Amaitzeko, KTGk eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako artisten hiru emanaldi izango dira Gipuzkoako Surf Federazioaren FederArte jaialdian.

Voltaia stoner rock hirukoteak datorren astean aterako du bere disko berria, Erortzen izenekoa. Ostegunean aurkeztuko dute diskoa Andoaingo gaztetxean. 

Erlazionatuak