Aldaketak izango dira herri lasterketako ibilbidean

Baleike 2018ko ots. 5a, 15:07

Hilaren 17an korrituko da Zumaiako XXXIV. herri lasterketa. Ohikoa den bezala, bi distantzia izango dira: laburra, 5.600 metrokoa, eta luzea, 10.200 metrokoa. Ibilbidean, baina, aldaketak izango dira. 

Irteera eta helmuga Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko dira. Irteeran, Erribera zeharkatu eta arranpla inguruan buelta eman ondoren, Txomin Agirre kaiatik joanda, buelta handiei ekingo diete. Lasterketa laburraren kasuan buelta bat emango diote zirkuituari, eta luzean bi buelta. 

Aurreko urteetan korrikalariek, behin Ayra Durexeko zubia zeharkatu ondoren, Sagarbideko kalea hartzen zuten eta Alai auzategitik Etxezarretaraino heltzen ziren. Aurten zirkuitua gune horretan aldatuko da. Korrikalariek Axular ibiltokia hartuko dute, baina Bittarte Erretegiraino joango dira. Han buelta eman eta Ayra Durexeko zubia pasata, Basadi auzategiko bidetik joango dira, Narrondo ibaiaren ertzetik. Zubitxiki parean Etxezarreta zeharkatuko dute eta Mendaro marinela kaletik jarraituko dute. Hortik aurrera ibilbidea betikoa izango da; Parolaldean eta Larretxon ez da aldaketarik izango.  

Probak irauten duen denboran Etxezarreta kalea autoentzat zabalik izango da, korrikalariek Basaditik Mendaro Marinelako bidea hartu behar dutenean izan ezik; une horretan bidea moztuko da. Urola bailarara, Debara edo autobideko sarbidera joan nahi dutenek, saihesbidea hartu beharko dute. 

Erlazionatuak