Josu Albero: “Gure gorputzean hamar aldiz mikrobio gehiago ditugu giza zelulak baino”

Baleike 2018ko ots. 4a, 13:10

Josu Albero biologo eta mikrobiologian adituak mikrobioei buruzko bi hitzaldi emango ditu Alondegiko Moila gelan Mikrobioen mundu liluragarria izenarekin. Bihar izango da lehena eta datorren astelehenean, hilaren 12an, bigarrena. 18:30ean izango dira bi saioak. Hitzaldi hauen bitartez, mikrobioen inguruan dauden mito asko hautsi nahi dituela azaldu digu.

Orain bi urte hasi zen hitzaldi hauek eskaintzen eta, horrez gain, euskarazko Wikipedian mikrobiologiaren eta inmunologiaren inguruko artikuluak idazten ditu, besteak beste. 

Nola sartzen zara mikrobioen mundu honetan?

Duela 22 edo 23 urte laborategi bat sortu genuen Azpeitian, Izadi laborategia, eta bertan analisi mikrobiologikoak egiten ditugu; uraren, janariaren eta instalakuntzen analisiak. Betidanik gehien gustatu zaidan gaia izan da. Ni biologoa naiz, baina mikrobiologian espezializatu naiz.

Gehientsuenentzako erabat ezezaguna den mundua da hau.

Ikusten ez dugulako. Mikrobioek inguratzen gaituzte, mikrobioez inguratuta bizi gara, baina ikusten ez ditugunez, ez gara mundu horretaz konturatzen. Beti gogora ekartzen dut poeta hark esan zuena: “Badaude beste mundu batzuk, baina mundu honetan daude”. Hori mikrobioen munduari aplikatuta, oso oso egokia da. Mikrobioen mundua hor dago, mundu honetan dago, baina beste dimentsio batean, ikusten ez dugulako.

Zer dira mikrobioak?

Mikrobioak mikroskopioaren bidez bakarrik ikus daitezkeen izaki bizidunak dira. Beraien ezaugarri nagusia beraien tamaina da, oso txikiak direla. Mota desberdineko mikrobioak daude: bakterioak dira batzuk, birusak dira besteak, amebak, paramezioak eta mota horretako protozooak beste batzuk. Beraz, mundu zabala da. Gehienbat, bakterioetan eta birusetan zentratzen naiz. Ezjakintasun handia dago. Esaten dugu, adibidez, gripea harrapatu dugula, baina gehienetan katarro bat da. Benetako gripe batek astindu ederra ematen digu.

Nola hasi zinen hitzaldi hauek ematen.

Orain aurrejubilatuta nago eta badut denbora librea. Orain bi urte hitzaldi hauek planteatzen hasi nintzen, gehienbat mito asko puskatzeko asmoz. Mikrobioen munduaz mito asko daude, uste oker asko daude. Mikrobioak aipatuta jende gehienak uste du mikrobio denak gaiztoak direla, kaltegarriak direla, eta ni saiatzen naiz demostratzen guztiz kontrakoa: mikrobio denak ez direla kaltegarriak; mikrobio gehienak gure lagunak direla. Badaude gutxi batzuk kaltegarriak direnak, eta horiek dira gehien ezagutzen ditugunak. Baina, asko eta asko onuragarriak dira. Gure gorputzeko mikrobioek, esate baterako, gure osasuna zaintzen dute. Gero, industrian erabiltzen diren mikrobioak daude. Bioteknologia izeneko zientziak erabiltzen ditu, adibidez, produktu interesgarriak lortzeko. Antibiotikoak mikrobioei esker lortzen ditugu, gaur egun kontsumitzen dugun intsulina, ingeniaritza genetikoaren bidez, bakterio batetik dator. Ur zikinak garbitzeko, araztegietan, mikrobioak erabiltzen dira. Zer esanik ez janarien industrian: mikrobioei esker ogia, ozpina, edari alkoholikoak edo esnekiak lortzen ditugu, adibidez. Irudi negatiboa besterik ez dugu eta irudi positiboa ez du jendeak ezagutzen. Datu bat emango dut: zientzialariek diote gure gorputzean hamar aldiz mikrobio gehiago ditugula zelula propioak baino. Datu horrek kolokan jartzen du gure gizatasuna. Zer gara? Mikrobioak edo gizakiak?

Nola planteatuko dituzu hitzaldi hauek?

Mikrobioen mundua oso zabala denez, pentsatu nuen hitzaldi bakar batean azaltzea gehiegizkoa izango zela eta, horregatik, bi zatitan egiten dut. Lehen zatian kontzeptu orokorrak lantzen ditugu: zer diren mikrobioak, zer mota dauden, non bizi diren, non dauden. Gero zentratzen naiz gure gorputzeko mikrobioetan eta zer onura ekartzen dizkiguten. Bigarren saioan zentratzen naiz mikrobioen alde ilunean, mikrobio patogenoetan. Bukaeran bioteknologiaren kontzeptu batzuk ere lantzen ditut. Era dibulgatiboan kontatutako hitzaldiak dira. Ez dira adituentzako hitzaldiak, publiko orokor batentzako baizik. Mundu honek jendea erakartzen du, eta gero eta gehiago ezagutu, are eta gehiago erakartzen du.