Darahliren aldeko zesta punta jaialdia jokatuko da bihar Aitzurin

Baleike 2018ko urt. 26a, 15:09

Zumaiako herriak ez ditu ahaztu Saharako desertuko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuak. Aurreko astean janari bilketa egin zen ikastetxe eta herri mailan, eta baita inoiz baino produktu gehiago jaso ere: 3.500 kilo elikagai jaso ziren. Asteburu honetan, berriz, Darahli elkartearen aldeko zesta punta jaialdia jokatuko da Aitzuri frontoian. Jaialdia 19:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude herriko hainbat lekutan. 

Bi izango dira bihar Aitzurin jokatuko diren partidak. Hasteko, Zumaiako Zesta Puntako Eskolako ikasleak aterako dira pilotalekuko kantxara. Estelarrean, Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil zumaiarrek bikotea osatuko dute. Aurrean Mikel Egiguren eta Eric Irastorza. Partida ederra izan daiteke ikusta lau pilotari handi hauen maila.

Partida bereziagoa izateko, hau izango da Gotzon Enbilek profesional bezala jokatuko duen azken partida. Berez, pasa den abenduan egin zioten omenaldia, Durangon, baina bere jaioterrian emango dio agurra bi hamarkada luzeko ibilbideari. 

Sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 euroan, Zumaiako turismo bulegoan, Aitzuri frontoian, Lubaki kiroldegian, Sei zortzi taberan eta BQD Bidaiaken. Frontoiko leihatilan ere izango dira salgai.