Rockaren erokerian murgilduko da Musika Eskola Inauterietan

Baleike 2018ko urt. 24a, 15:25

ROCK... ero izango da otsailaren 9an egingo duen kalejirako eta jaildiko gaia. Kalejira prestatzeko entseguak egingo dira hilaren 6an eta 7an eta herritarrei zabalduta dago.

Rockaren historian ero dezente izan dela, horren zalantzarik ez dago. Baina, rockero guztiak al dira eroak. Ez, ezta? Edo bai? Erokeriatik hurbil izango direnak Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolaren Inauterietako kalejira eta jaialdian parte hartu duten rockeroak izango dira. Izan ere, ROCK... ero da aurtengo jaialdiaren gaia eta, izenak berak garbi erakusten duen bezala, rocka eta erokeria uztartuko ditu modu alai eta dibertigarri batean.

11. urtez jarraian aterako dira Txori Txikiko ikasle, irakasle, musikari eta gurasoak kalejiran Zumaiako Inauteriei hasiera emanaz. Aurtengo jaialdia otsailaren 9an izango da, ostiralean. 

Taldea 18:30ean abiatuko da Musika eta Dantza Eskolaren egoitzatik, Ubillos jauregitik. Alde Zaharra zeharkatuta, Sanjuaniturria iritsiko dira eta, maldan behera eginda, Kofradiara helduko dira. Buelta eman eta Erriberan barrena eginda eta Goiko/Trapaia tabernen aurrean geldiune bat egin eta gero, Gurrutxaga plazara abiatuko dira. Bertan egingo da jaialdia, kontzertu, antzerki eta dantza saioarekin.

Aurreko urteetako esperientzia errepikatzen bada, talde handia bilduko du jaialdi honek. Musika eta Dantza eskolako ikasle, irakasle eta gurasoez gain, Zumaiako Udal Musika Bandak eta Inazio Tolosa, Esti Curiel, Telmo Irureta eta Goiz Eder Iturain aktoreek ere parte hartuko dute. Inauteri bezperako festa honetan parte hartu nahi duten guztiei pegatinak banatuko dizkiete, otsailaren 5etik 8ra, 17:30etik 19:30era, Ubillos jauregiko  idazkaritzan.

Kalejira prestatzeko entsegu saioak ere izango dira. Otsailaren 6an eta 7an egingo dira, 17:30etik 18:00etara, Torreberrin. Herritar ororik deitzen diote antolatzaileek festa honetan parte hartzeko.

Musika eta kolorea

Aurten 11. urtez antolatu du Txori Txikik Inauteri hasierako jaialdi hau. Euskal kulturarekin lotutako gaiekin hasi ziren (Akelarrea, Lantzeko inauteriak), baina, denborarekin, esparrua zabaltzen joan da eta piratak, mamuak edo superheroiak izan

ditugu Zumaiako kaleetan. Orain rockeroak, punkiak eta heavyak izango ditugu herrian; Hori bai, beti ere koloretsuak.