[GUTUNA] Kultura ekologikoa Zumaian?

Rafael del Pilar 2018ko urt. 23a, 08:34

Kanpoko espaziotik begiratuta (APOLO 17, 1972. urtean), Lurrak “kanika urdin” ezin ederragoa, hauskorra eta txikia zirudien. Planeta bakarra eta zoragarria, itxuraz, baina Gizakia akabatzen ari dena, haren bizi iturria, ingurumena, suntsitzen ari delako. Nazioarteko Zientzia Komunitateak argi ohartarazi du: “Laster beranduegi izango da zuzenean porrotera garamatzan bidea albo batera uzteko, eta denboraz larri gabiltza”.

Euskal Herriari ere eragiten diote ingurumen arazoek, eta gurean egoera are larriagoa da, batez ere gai honetan herritarrek daukaten edukazio eskasarekin eta ematen duten laguntza ziztrinarekin. Gurean, ekologiari ezikusiarena egin izan zaio, balioa kendu… eta izorratu ere bai.

Zumaiari dagokionez, kontserbazio-gaietan gure kultura eta gizalegezko maila penagarria da. “Kultur fenomeno” pandemiko batek harrapatuta gaude, krisi garaiaren adierazpide, eta Amalurrarekiko lotura afektiboa hutsaren hurrengoa da, behea jota daukagu. Irain egiten diogu lurrera txistua botatzen dugunean; han-hemenka zigarro puntak uzten ditugunean; gure “lunbago kolektiboak” makurtzea eragozten digunean, zerri “zibilizatu” batzuek kalean utzitako txerrikeri arrastoak jasotzeko… Geure buruari galdetu beharko genioke zenbateko balioa ematen diogun ekologiari kultur ondasun eta etorkizuneko inbertsio gisa; jabetzen garen edo ez gure inguru fisikoa zaindu beharraz, edo benetan onartzeko prest gauden kalean zaborra egotea gure herriko paisaiaren osagai “naturala” izatea.

Ekologismoaren aurkakoak ez dauka ez mugarik eta ez kredorik. Zumaia goi-goian dago sailkapenean, eta ez da, ez horixe, bertuteetan eredugarri. “Arte gorenetan”, bereziki nabarmentzeko, horra hor herriko arboladiak mozteko erabiltzen den estilo “botanikoa”, zuhaitzak esperpento hutsezko figurak bihurtzen dituena. Patu horixe daukate zain, hain zuzen ere, herrian antolatzen diren zuhaitz egunetako zuhaixkek; izan ere, udal aizkolariek gero ederki zapuztuko dituzte ilusioz betetako haurren amets puztuak.

Aginte makila eskuan, gure herriko faunako animalia jakin batzuk “jateko eskubiderik gabeko kaleko animalia” izendatzen dira. Harrigarria, benetan! Izan ere, Legeak zigortu egiten du horiekiko gizalegez eskuzabal jokatzea, baina “behar bezala makillatuta”, baimendu egiten ditu EKOLOGIAREN AURKAKO delitu larriak (adibidez, isurketak errioan), eta horiek “osasuntsu” daude. Seinale kezkagarriak eta negatiboak dauzkagu aurrealdean, eta ez dira, ez horixe, Zumaiako ingurumenarentzat garai berri, sentsible eta eskuzabalak; juxtu kontrakoak dira.

Mimoz eta oparotasunean hazita, gure seme-alabek ez dakite beraien bizileku diren gizarte “zibilizatuak” onartu ezin diren eredu kontsumistei kateaturik doazela aurrera, etorkizuneko belaunaldiei baliabideak lapurtu dizkieten arratoi harrapakarien menpe, eta munduari harakiria egiten ari zaizkiola. Guk egindako akats berdinak egin ez ditzaten, robot makina bihur ez daitezen, merkatuko beita kolonizatua edo eliteko kazike izan ez daitezen, beharrezkoa da zintzotasunean eta etika kontserbazionista erradikalean heztea. Izan ere, narkosi infekzioso negatibista hutsa pairatzen ari gara, horrek behar-beharrezkoak diren ingurumen jokabideak mugatu eta murriztu egiten ditu eta onartu ezin diren jokabide antisozialak eragiten ditu.

Hona hemen adibide argigarri bat: Arbustaingo Arranpla, batzuetan plastikozko zerrikeriez estalia. Horra non dagoen “adonisen eta walkirien” multzoa, Coco Chanelak balira bezala erakusleiho handi hori beraientzat hartuta, hizka-mizka bizi eta sutsuan, oinarri-oinarrizko kultura ekologista zer den arrastorik ez daukatela; utziko duten zerrikeria itsasora joango da eta gure kostaldea zikinduko du; edo, agian, itsas bidaia luze baten ondoren, bat egingo du Ozeano Barea pozoitzen duen 140 milioi tonako “plastiko zoparekin”. Nolako belaunaldi aldaketa izango da munduan, Naturarekiko batere errespeturik ez daukaten gurasoekin, seme-alaben hezkuntzarekiko hain arduragabe jokatzen dutenekin? Diagnostikoa pesimista da, bai, eta ez du etorkizuna argitzen. Herritarrak etika eta kultura aldetik inplikatuta baino ezin izango dira bermatu ingurumen proiektu sendo eta futuristak, eta horrela bazterrean utzi indarrean diren eredu harrapakari eta suizida neoliberalen mendetako perbertsioa, munduaren minbizia baitira.

Gure “kanika urdin” txiki eta hauskorrean bizirik irauteko munduko gerran, zumaiarrak ezin gara izan neutralak. Behingoagatik uler dezagun: Lurra ez da gurea, baizik eta gu gara Lurrarenak. Eta horrek berekin dakar duintasunez zaintzea eta errespetatzea, berez dagokigun ardura geure barne-barneko sentimenduetan sendo errotutako ohitura bihurtuta.

R. del Pilar

2017ko abenduaren 31