Arratsaldean ere Sahararen aldeko janari bilketarekin jarraituko du Darahlik

Baleike 2018ko urt. 20a, 14:50
Argazkia: Darahli.

Astean zehar ikastetxeetan egin ondoren, larunbat honetan herriko supermerkatuetan ari dira Darahlikoak janari bilketa egiten. Janari hau, datozen asteotan, Euskal Karabanaren bitartez bideratuko zaie Aljeriako desertuan bizi diren errefuxiatuei. 

Goizeko lehen orduetatik aritu dira Darahliko neska-mutilak herriko bost supermerkatuetan janari bilketa egiten. Gazte hauek, martxoaren amaieran, Tindoufeko kanpalekuetara joango dira, Darahlik antolatutako bidaian. 85 lagun joango dira aurtengo bidaian errefuxiatuen egoera ezagutu eta, bide batez, ahalik eta laguntza handiena eskaintzera.

Arratsaldean ere izango da janaria emateko aukera. Kasu horretan, Alde Zaharreko Eroski itxita dagoenez, beste lau supermerkatuetan egingo da: Alaiko eta Ardantzabideko Eroskin, Alaiko DIAn eta Ardantzabideko BMn. Honako produktuekin lagundu ahal izango da: atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta kadukatu gabeko sendagaiak.