“Erronka handia da baina guztion artean aurrera aterako dugu”

Baleike 2018ko urt. 15a, 11:39

Ekainaren 10ean Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatuko da Oikian. Hori dela eta, hainbat batzorde bidez,  dagoeneko lanean hasi dira herritarrak. “Auzolan erraldoia jarri dugu martxan festa hau aurrera ateratzeko”, aipatu zuten antolatzaileek. Ostiral arratsaldean hasiera ekitaldia egin zuten festa aurkeztu eta herritarrak aktibatzeko. “Guztiontzako ikasketa prozesua izango da”.

Hasi dira motorrak berotzen Oikian. Datorren udaberri amaieran, ekainaren 10ean zehazki, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia egingo da bertan. Hala, pasa den ostiralean hasiera ekitaldia egin zuten bertako frontoian, eta jende andana bildu zen.

Eskola txikien 31. festa izango da aurtengoa. Lehenengoa 1987an egin zen. “Festa hau eskola txikien biziraupena aldarrikatzeko bide bat izan zen. Eskola txikiak kinka larrian zeuden garai hartan, eta beraz, festaren oinarria errebindikazioa zen. Hau da, gure auzo txikitan eskola publiko bat izatearen garrantzia aldarrikatzea”, azpimarratu zuten.

Aurreko ikasturtean hasi ziren festaren antolakuntzarekin. “Hasieratik argi geneukan festa honen motorra Oikiako eskola zela, eta bertako ikasleak protagonista nagusiak. Eskola komunitate osoaren eta herritar guztien artean aurre egin beharreko erronka bat da”, azpimarratu zuten.

Horretarako, antolaketa lanetan arituko diren sei batzorde osatu dituzte: zerbitzuak eta trafikoak, salmentak, ikuskizunak, komunikazioa eta protokoloa, ekonomia eta koordinazioa. Hasiera ekitaldian, talde bakoitzak burutzen dituzten lanen nondik norakoak kontatu zituzten, eta batez ere zerbitzuen batzorderako deialdia egin zuten. “Zerbitzutako batzordeak agian aurrez ez du lan askorik izango, baina egun batzuk lehenago eta baita egunean bertan ere jendearen laguntza beharko dugu txosnak eta tabernak muntatzen, kotxeak aparkatzen...”, nabarmendu zuen batzordekide batek. Izan ere, festa iritsi aurreko azken txanpan lehen hilabete hauetan baino askoz laguntzaile gehiago beharko dira. “Batzordeak talde txikiak dira, gure ustez, lana eraginkorragoa izateko. Baina hala ere batzorde irekiak dira, beraz nahi duenak hartu dezake parte”. Gainera, Whatsapp talde bat sortuko dute informazioa partekatzeko. “Beraz, batzordeetan ez dagoen norbaitek lagundu nahi badu, hau izango du bigarren aukera”.

Kalitatezko hezkuntza

2018. Gipuzkoako Eskola Txikien Jaiak bi logotipo izango ditu. Haurrentzako jantzietan bata, eta helduetan bestea. Lehenengoa Malen Larrañagak diseinatutakoa da, eta Oikian hain ezagun den Erromatar zubia hartu du oinarri bezala. Bigarren logotipoa Xabi Aizpuruak egindakoa da. “Umeek duten filosofia etorri zitzaidan burura, hau da, sinpletasuna eta soiltasuna. Logotipoak borobilak eta marrak besterik ez dauzka. Oso sinplea da baina sinpletasun horretan barruan zerbait modernoa egin nahi nuen. Gainera, oinarrizko koloreak aprobetxatu nituen irudiari forma emateko”, azaldu zuen.

Hain zuzen, logotipoaren koloreak zituzten puzgarriekin atera zuten argazki jendetsua. Ilusioa eta lanerako eta jolaserako gogoa nabari zitzaien, baina ahaztu gabe, eskola txikiek gizartean duten balioa azpimarratu zuten irakasle eta gurasoek. “Oikiarentzat erronka handia izango da, erraldoia, eta baita eskolarentzat ere. Begiraden erdigunean izango gara, baina gu oso harro gaude egiten dugun lanarekin. Iruditzen zaigu bai Oikiako eskolan, eta baita Gipuzkoako beste eskoletan ere kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugula. Egia da orain urte  batzuk iritzi asko zeudela eskola txikien inguruan. Batzuk onak, besteak ez hain onak. Baina esan beharra dugu gaur egun eskola txikiek balio handia ematen dietela gizarteari. Talde txikiak gara, eta familiekin eta auzoarekin dugun harremana oso estua da. Esango genuke gure eskola altxor bat dela, auzoko altxor bat”, nabarmendu zuen Itziar Garciarena, eskolako zuzendariak.