Mende erdi Zumaian kirola sustatzen

Baleike 2018ko urt. 12a, 10:03
Santiagoko paduran hasi ziren haurrekin plaieroak jokatzen (1968-1969).

Herriko ume eta gazteentzat kirolean aritzeko ia aukerarik ez zegoela ikusirik, lagun talde batek Zumaiako Kirol Elkartea sortu zuen duela 50 urte. Hasieran, besteak beste, futbola eta eskubaloia sustatu zituzten, baina pilota izan da, batez ere, elkartearen ardatza. [Abenduko Baleike aldizkarian argitaratu genuen erreportaje hau. Argazkiak: Javier Carballo, Foto Gar, Rafael Zinkunegi eta Ramon Gurrutxagak utzitakoak]

Gaur egun herrian dauzkagun kirol elkarte sendoenetako gehienak garai bertsuansortu ziren, 1967tik 1975era bitartean. Eta ez da kasualitatea. Francoren diktadurak agintzen zuen artean, baina garai berrien haize freskoa sumatzen hasia zen euskal gizartean. Beste arlo guztietan bezala, kirolean ere loraldia gertatu zen, belaunaldi berrien bultzadari esker. 1967an Club Deportivo Zumaia (Zumaiako Kirol Elkartea gaur egun) sortu aurretik kirolean ezer ez zegoenik ezin da inola ere esan: Pulpok urteak zeramatzan hainbat kirol ekitaldi antolatzen, arraunean ere bazebilen jendea, plaieroak antolatzen ziren, herri kiroletako erakustaldiak eta apustuak, pilota oso zabalduta zegoen, atletismo talde bat ere izan zen 1960tik 1964ra... Baina lasai asko esan daiteke Zumaiako Kirol Elkartearekin aro berri bat hasi zela. Ia segidan sortu ziren Zumaiako Kirol Elkartea (1967) eta Itxas-Gain piragua elkartea (1968); Zumaiako Futbol Taldearen aitzindari izan zen Zumaiako Herri Batzokia (1974); Aita Mari arraun elkartea (1975); eta eskubaloia ere garai hartan hasi zen, aurrena Zumaiako Kirol Elkartean eta gero Pulpon.

Klubaren sorrera

"Hiru lagun juntatzen ginen igandero, andregaiak kuadrilla berekoak genituelako", hasi da kontatzen Javier Carballo, elkarteko sortzaileetako bat. "Ignacio Letamendi, Juan Mari Zearreta eta hirurok, inbidiaz begiratzen genion garai hartan Zarauzko Kirol Elkarteari. Sekulako antolaketa zeukaten eta denetarik egiten zuten. Zumaian, berriz, ia ez zegoen ezer, are gutxiago umeentzat. Pentsatu genuen herrian ere behar zela kirol elkarte bat, eta hasi ginen jendearekin hitz egiten".

1960ko hamarkada hartan bazen herrian kirol arloan-eta nabarmentzen zen lagun koadrila handi bat, Los Mariachis izenekoa. Angel Aperribai zen haien guztien burua eta zuzenean harengana jo zuten. Lehen bilera Luistarren egoitzako liburutegian egin zuten –moila ondoan, gaur egun Zipi Zape dagoen inguru horretan–, eta hara deitu zuten, baita ere, Blas Zarauz. "Oso pertsona dinamikoa zen, saltsa askotan ibilitakoa, Poligonoko etxebizitzen kooperatibaren sustatzaileetako bat, besteak beste. Guraso elkarteko kidea zen, plaieroetako epailea, futbolari ohia... Guretzat garrantzitsua zen taldean izatea, babes handia zen". Letamendi, Zearreta, Carballo, Zarauz, Aperribai eta Agustin Iturain izan ziren lehen bilera hartan, eta han erabaki zuten aurrera segitzea asmoarekin.

Handik pare bat egunera-edo, 1967ko urriaren 13an, 25 lagun bildu zituzten bigarren bileran, eta hantxe erabaki zuten elkarteko lehen zuzendaritza. Blas Zarauz aukeratu zuten lehen presidente, Javier Carballo presidenteorde, Jose Luis Lacarra idazkari, Ignacio Letamendi diruzain, eta batzordekide Agustin Aizpurua (Anadeko sortzaileetako bat), Angel Aperribai eta Juan Mari Zearreta. Zuzendaritza hura arduratu zen elkartea modu ofizialean eratzeko tramite guztiak egiteaz.

Lehen asmoa, futbola

Zumaiako Kirol Elkartearen lehen asmoa futbola antolatzea izan zen. Ordurako plaieroak jokatzen ziren Itzurunen Pulpok antolatuta –zortzi jokalariz osatutako taldeekin–, baina helduentzako txapelketa zen hura. Haurrentzat ez zegoen ezer. Hasi ziren Santiagoko paduran partidak antolatzen. "Itsasbeheran han basa gogorra egoten zen eta leku egokia zen jokatzeko. Han hasi ginen haur taldeekin; eta, sortu eta urtebetera, Zarauzko plaieroetara hiru talde eraman genituen, bi infantil mailakoak eta bestea helduena".

Baina asmoa ez zen soilik hondartzan jokatzea. Zumaian futbol zelai bat eraikitzea zen nahia, eta horretan saiatu ziren. Zumaiako Udalarekin hitz egin zuten aukerak aztertzeko. Herriaren garapenerako planeamenduan bazegoen leku bat gordeta kirol azpiegiturentzat –gaur egun kiroldegia eta futbol zelaia dauden lekua–, baina orduan Udalak ez zeukan dirurik eta bertan behera gelditu zen futbol zelaiaren aukera. Ia beste hamar urte pasa ziren 1977an Egurko atzean lehen futbol zelaia (hartxintxarrezkoa) eraiki zenerako. Futbola gehiago garatzeko aukerarik gabe, beste bide batzuk nabarmendu ziren elkartearen jardueran.

Eskubaloia Arranpla ondoan

Futbolarekin batera, pilotari ere hasieratik jarri zitzaion arreta berezia. Eta beste kirol batzuek ere izan zuten lekua. Adibidez, halterofiliak edota boxeoak. "Rufo Bidasoro, Migel Zubimendi eta beste zenbaiten artean hasi ziren halterofiliarekin; eta boxeoa Odietako kantxeroak jarri zuen martxan, Izagak. Gaztetan boxeolari izandakoa, zenbait gazteri erakusten zien frontoian bertan", gogoratu du Carballok.

Eskubaloi taldea: (Goian) Zaldunbide,Zearreta, Gurrutxaga, Argoitia, Ansoalde eta Manterola; (behean) Alberdi, Izaga, Etxabe, Alkorta eta Artetxe.

Bada azpimarra berezia merezi duen beste kirol bat, gero bide luzea eta oparoa egin duena: eskubaloia. Gaur egun Pulporekin lotzen dugu erabat eskubaloia, baina Zumaiako Kirol Elkarteak sortu zuen lehen taldea Zumaian. Horrela kontatu du Carballok: "Blas Zarauzek presidentetza utzi eta Juan Clamades Blancok hartu zion lekukoa. Blanco eskola profesionaleko [Alondegian zegoen] irakaslea zen, eta bazen eskola hartan Samaniego izeneko beste irakasle bat, eskubaloia bultzatzea proposatu ziona. Eta halaxe hasi ginen eskubaloiarekin, futbolaz eta pilotaz gain". 1969an hasi ziren jokatzen, Arranpla ondoan. Sarea jarri behar izaten zuten, baloia erriora ez erortzeko. Erregionaleko hirugarren mailan jokatu zuten lehen bi urteetan, sei taldeko liga batean. Hirugarren denboraldian mailaz igo ziren. Talde hartan jokatu zutenetako batzuk dira: Gurrutxaga, Alkorta, Zaldunbide, Izaga, Artetxe, Alberdi, Argoitia, Manterola, Etxabe, Zearreta, Ansoalde (azpeitiarra), Martinez eta Egiguren, besteak beste.

Hiru denboraldi egin zituen eskubaloiak Zumaiako Kirol Elkartean. Carballoren ustea da ez zitzaiola merezitako arreta jarri, eta azkenean taldeak Pulporen babesean egin zuen aurrera, gaur egun arte.

Pilotan zentratuta

Piraguismoa ere Zumaiako Kirol Elkartera batzeko zorian izan zen. "Errioan piraguan ibiltzen zen gazte talde bat bazegoen garai hartan, eta kirol elkartearekin bat egiteko proposamena egin genien. Hasieran baiezkoan egon ziren, baina azkenean beraien bidetik jarraitu zuten, kirol taldeaz gain elkarte gastronomikoa sortu nahi zutelako. Horrela sortu zen Itxas Gain, 1968an".

Lehen urteetan hainbat bide probatu eta gero, azkenean pilotak hartu zuen indarra elkartean eta hartan zentratuta egin zuten aurrera. Pulpok antolatzen zituen hainbat txapelketa eta jaialdi, eta herriko pilotariek Pulporen lizentziarekin hartzen zuten parte. Baina Kirol Elkartearekin beste aurrerapauso batzuk eman ziren 1970eko hamarkadaren hasieran. 1971n Gipuzkoako Federazioak urteko klub onenaren saria eman zien, larruzko paleta txapelketa "bikaina" antolatzeagatik. "Sari hark erakutsi zigun bidea, eta pilotan buru-belarri murgiltzea erabaki genuen", azaldu du Carballok. Orduan jarri zuten martxan pilota eskola ere, Angel Aizpurua Idiakezi esker. "Bera izan zen pilota eskolaren arima. Jose Antonio Aizpurua Paixanoren aita zen Angel; semearekin joaten zen pilotalekura eta han hasi zen umeei erakusten. Dozena bat urte pasako zituen umeekin lanean. Etxean gordetzen zituen pilotak goxo-goxo, eta jendea pilota eske joaten zitzaion". Aizpuruak hasitako bideari beste batzuek eman zioten segida –Joxe Zubizarretak eta Carmelo Larburuk, besteak beste–, baina elkartean denek aitortzen dute Angel Aizpurua funtsezkoa izan zela.

Dinastia Etxabe

Madrildik eta beste hainbat lekutatik jende asko etortzen zen Zumaiara uda partean, eta aukera hura baliatzen asmatu zuen elkarteak, Dinastia Etxabe txapelketarekin. 1971n antolatu zuten lehen aldiz, eta sekulako arrakasta izan zuen. "Sanpedroen bezperan hasi eta irail hasiera arte jokatzen zen astero-astero, ostegun eta larunbatetan, gaueko hamarretan. Jaialdi bakoitzean hiru partida jokatzen ziren [pala motza, eskuz beteranoak eta lehen mailakoak] eta orduko afizionatu mailako pilotari onenak etortzen ziren", gogoratu du Luis Mari Alberdi pilotari eta elkarteko presidente ohiak. "Pala partidan frontoiko atea itxi egiten zen, harmailak gainezka egoten zirelako [460 eserleku zeuzkan Odietak] eta ez zegoelako sarearen atzean jartzeko lekurik. Pala bukatzen zenean, ateak ireki eta beste jende pilo bat sartzen zen, kontrakantxan jartzen ziren aulkietan esertzera. Urte izugarriak izan ziren, sekulako ikusmina pizten zuen txapelketak. Pilotazaletasuna sustatzeko ikuskizuna izateaz gain, diru iturri garrantzitsua izan zen klubarentzat", osatu du Carballok.

Palaz eta eskuz

Esku pilotarekin batera, pala motzean, larruzko paletan eta palan aritzen ziren pilotariak ere bazituen klubak hasieratik. Zesta punta geroago iritsiko zen. Ignacio Letamendi, Erramun Ostolaza eta Jexux Mari Unanue izan dira klubean aritutako herriko palista nabarmenenak, txapelketa bat baino gehiago irabazitakoak. Taldea asko indartu zuten kanpoko pilotariak ere izan zituen klubak: Cristobal Etxaniz getariarra edota Juan Mari Aierbe eta Santos Salsamendi zarauztarrak. Unanuek gogoan dauzka klubean hasi aurretiko garaiak: "Ni mutil koskorra nintzela, Juanito Telleriak [erremontista profesionala izan zen], Joxe Uribek, Romualdo Artetxek eta Jose Antonio Zubeldiak jokatzen zuten sarri Odietan, larruzko paletarekin. Gu Beheko plazan bizi ginen, eta haiek ikustera joaten nintzen. Laukoteko baten bat falta zenean, inguruan genbiltzanoi jokatzeko aukera ematen ziguten". Zarautzen jokatu zuen lehen txapelketa Unanuek, Javier Carballorekin bikotea osatuta. "Beste bi bikotek ere jokatu zuten txapelketa hura: Letamendik Bernabe Apestegirekin, eta Ostolazak Carmelo Mendezekin". Zumaian hain garrantzitsua izan den larruzko paletak ez du jarduerarik 2011z geroztik.

Esku pilotari dagokionez, Luis Mari Alberdi nabarmendu da besteen gainetik. Gipuzkoako, Espainiako eta Munduko txapeldun izan zen Alberdi, eta profesionaletan jokatu zuen. Zesta puntarekin alderatuta, esku huska aspaldian ez da inor nabarmendu Zumaian, baina Alberdik berak badu esplikaziorik: "Zesta puntan Gipuzkoan 80 bat pilotari ariko dira; eskuz 3.000. Ezin dira alderatu, askoz zailagoa da eskuz aurrera egitea. Horrez gain, Zumaian pilotak konpetentzia handia dauka gaur egun. Lehen pilota baino ez geneukan, baina gaur egun haurrek denetarik daukate aukeran". Hausnarketari segida eman dio Javier Carballok: "Gaur egun pilota herri txikietan ari da mantentzen, handik ari dira pilotari handiak ateratzen. Altuna, Irribarria, Jaka, Albisu, Artola, Ezkurdia... Nongoak dira? Haien herrietan ez dago ez surfik, ez eskubaloirik, ez ezer. Baina lana oso ondo egin duten pilota eskolak daude". Olaldek osatu du: "Zumaiako pilota eskolan ere antzera ari da gertatzen. Haur mordoa etortzen da hasieran, baina gero, serio hasi behar denean, oikiarrak eta Agotekoak gelditzen dira. Besteak futbolera edo eskubaloira doaz".

Puntaren puntan

Klubean berriena da, baina zesta punta izan da azken hamarkadetan uztarik oparoena eta distiratsuena eman duen modalitatea. Gogoan du Javier Carballok 1979an Gipuzkoako Federazioko presidente aukeratu zutenean zesta punta hutsaren hurrengoa zela Gipuzkoan. "Baztertuta zegoen erabat, Bizkaian bakarrik zuen indarra. Modalitate bat hain utzita egotea ez zen onargarria, eta federaziotik pausoak eman genituen Gipuzkoan berreskuratzeko". Mutrikun sortu zuten lehen eskola, eta haren segidan, Tolosan, Andoain, Donostian... Zumaian, Mugertza izan zen giltzarri.

Zesta punta eskolako haur eta gazteak, 1988an. Argazki honetan daude gerora profesional izandako puntista gehienak. Belaunaldi paregabea.

Ameriketan hainbat urtez profesional izan ondoren, xisterak hartu eta Zumaiara bueltatzea erabaki zuen Manuel Mugertzak 1970eko hamarkadaren amaieran. Hiru semeekin eta inguruan zeuzkan zenbait haurrekin zesta punta eskolak ematen hasi zen Odieta frontoian, eta halaxe hasi zen zesta puntaren historia modernoa Zumaian. Zesta punta eskola, modu formal eta antolatuan, 1988an jarri zen martxan, Rafael Zinkunegik zehaztu duenez. Garai hartan Zinkunegi eta Juan Mari Enbil ziren zesta puntako arloaren arduradunak. Manuel Mugertzak 1991ra arte egin zituen monitore lanak. Odietako eskola hartan hazitakoak dira dozenaka puntista, han ikasitakoak goi mailako figura izatera iritsi diren Alberdi, Enbil, Goikoetxea eta Lopez, besteak beste.

Odieta ondoren

2007tik 2016ra, Odieta pilotalekua eraitsi zenetik Aitzuri berria inauguratu zen arte, azpiegitura faltari aurre egin behar izan zion Zumaiako Kirol Elkarteak. Jexux Mari Unanueri (2007-2013) eta Jexux Iribar Olalderi (2013tik aurrera) egokitu zitzaien kluba urte haietan gidatzea. Biak bat datoz eta aitortzen dute egoera zail hartan gurasoen inplikazioari esker atera zela aurrera pilota. "Zestaz, maila batetik gora, lehen ere beste pilotaleku batzuetara mugitu beharra zeukaten, Odieta txiki geratzen zitzaielako", hasi da Unanue arrazoitzen; "baina bai eskuz, bai palaz, baita zestako umeak ere, pasa ziren eskolatik irten eta frontoia bertan izatetik, derrigor kanpora joan behar izatera. Horrek kalte handia egin zuen. Horrek ekarri zuen norbaitek esfortzu handia  egin beharra ume haiek eramateko". Zorionez, guraso talde bat sortu zen eta aurre egin zioten egoerari. "Zestako gurasoek meritu handia izan dute, jarraipena eman diotelako. Eskuzko haurrekin eskolan egin zuten frontoian moldatu behar izan genuen, baldintza eskasetan, eta eragina izan zuen, dudarik gabe". Dinastia Etxabe ere Zumaiatik Zestoara eraman behar izan zen.

Estuasun haiek atzean gelditu ziren Aitzuri pilotaleku berriarekin. Gaur egun 200dik gora haur eta gazte dauzka Zumaiako Kirol Elkarteak hiru modalitateetan (esku huska, zesta punta eta pala); 109 ziren 2015ean. Erronkak beste batzuk dira orain. "Ume piloa bai, baina gero, infantiletan hasten direnean takoekin eta pilota pixka bat serio hartzen, orduan gehienek laga egiten dute, taldekako kiroletara joaten dira. Orain igual 80 ume baino gehiago egongo dira esku pilotan; dozena erdi geldituko dira", azaldu du Iñaki Ostolazak. Neskekin pala lantzen ari den Enrike Mendizabalek ere arazo berbera ikusten du: "Adin batetik aurrera Pulpora joaten dira, eskubaloira". Baina, zailtasunak zailtasun, aurrera egiteko borondatea dute klubean, are gehiago 50. urteurrenaren ospakizunean. Olaldek jarri du azken puntua: "Ez dugu etsi behar. Herritarrak pilotalekura erakartzea da gure helburua eta erronka".