Etxeen izenak jasotzeko laguntza eskatu die Udalak herritarrei

Baleike 2018ko urt. 12a, 09:31
Xabier Azkue euskara teknikaria.

Agiri zaharretan-eta topatutako 300dik gora etxe izen dauzkate jasota, baina kasu askotan kokapena falta da. Herritarren laguntzarekin osa daitezke hutsuneak. 

Imanol eta Xabier Azkue anaiek 2004an eta 2005ean egin zuten herriko leku izenen bilketa lana dago ekimen berri honen oinarrian. «Orduan, herriko lekuen izenekin batera, hainbat etxeren izenak ere jaso genituen, baina ohartu ginen azterketa eta lanketa sakonagoa behar zutela. Guk badauzkagu 300dik gora etxe izen jasota, baina asko eta asko kokatu gabe daude», hasi da azaltzen Udaleko euskara teknikari Xabier Azkue. «Agiri zaharretatik-eta atera genituen izen asko, baina ez dakigu gaur egun dauden etxeekin lotu daitezkeen edo ez; beste kasu batzuetan, izenak dauzkagu, baina arrastorik ere ez non kokatuta zegoen. Uste dugu herritarren laguntzarekin eta pixka bat ikertuta informazio asko lor dezakegula».
Zehazki, etxeetako eskrituretan agertzen den informazioa oso baliagarria dela dio Azkuek. «Eskrituren kopia bat edo argazki bat ekartzeko eskatzen dugu, hor agertzen direlako etxe horren oinarrizko datuak, deskribapenak, helbidea, inguruko etxeen erreferentziak, izena eta abar. Adibidez, bagenekien Pilotokua etxea San Telmo kalean zegoela. Etxeko jabeek ekarri zuten eskritura, eta han agertzen da informazio interesgarria. Zubiaurre auzoa aipatzen du (Lehen San Telmo kaleak Zubiaurre zuen izena), gaur egun zer zenbaki duen (San Telmo 17), eta esaten du aldamenean Sanbullonekua etxea dagoela, eta atzean Ondarretxo lur-saila dagoela (gaur egun Ondartxo plaza). Alegia, informazio asko dagoela denok etxean dauzkagun eskritura agirietan, eta ahalegin txiki batekin gauza asko argitu ditzakegula».
 

Udaletxean badauzkate agiri zaharrak informazio askorekin. Eskriturek aukera emango diete hariak lotzeko. «Adibidez, 1811ko agiri batean errentaren bat ordaintzen zuten etxeen zerrenda dago. Hor jasota daude izen asko (Iturrikoa, Gurmendikoa, Alpingoa...); eskriturekin lotuz gero, aukera handiak dauzkagu dauden hutsuneak betetzeko». Beste agiri zahar batzutan etxe bakoitzean bizi zen familiaren izenak ageri dira. Hori ere pista interesgarria da ikerketan aurrera egiteko.
 
Orain arte han eta hemen aritu dira galdezka eta erabaki dute deialdia herritarrei zabaltzea. Dagoeneko hasi dira informazioa jasotzen eta datu berriak azaldu dira. «Esate baterako, Dabienekoa etxearen izena bageneukan, baina arrastorik ez non zegoen. Herritar batek ekarritako agiriei esker orain badakigu San Telmo kaleko ile-apaindegia dagoen etxe hori zela Dabienekoa».
 
Kasu batzutan, etxeak hartzen du bertan bizi den familiaren izena. Baina agirietan begiratzen hasi eta askotan izen zaharragoak ageri dira. Etxe berberak izen bat baino gehiago izan dezake historian zehar. Eta gertatzen da, baita ere, izena etxe batetik bestera aldatzea familiarekin batera (Xendonekua, Xoxokua...). «Subinas etxea jasota geneukan guk, agirietan hala topatuta. Herritar batek ekarri zituen etxe hartako eskriturak eta han Arteaganekua jauregi bezala agertzen zen, baita ere Amantegi izenarekin ezaguna. Arritokieta kaleko bigarrenean. Arteaganekua izena guk bageneukan datu basean jasota, baina ez genekien zehazki non zegoen. Orain, herritar horren ekarpenari esker, badakigu». 
 
Lan hau egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute, denentzat aberasgarriagoa delakoan: «Lan hau beste era batera ere egin daiteke, Azpeitiko erregistrora joan eta etxebizitza bakoitzaren historiala eskatuta. Ordainduz gero, egin daiteke, eta agian egunen batean hala egin beharko da, lana osatzeko. Baina gure nahia izan da herritarrak inplikatzea eta bakoitzak bere etxearen inguruko ikerketa txiki hori egitea. Guk agian izango dugu beraiek ez daukaten daturen bat eta horrela beraien etxearen historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Horrela denok irabaziko dugu». 
 
Etxeei kanpoaldean izena jartzeko aukera
 
Baserriak eta alde batera utzita, 30 bat etxe badira gaur egun herrian kanpoaldean izena jarrita daukatenak, baina asko etxe berriak dira edo berritutakoak. Ikerketa eta bilketa lanak emaitza ona ematen badu, Udalean aztertzen ari diren aukeratako bat da eredu bat sortu eta etxeei izenak jartzea. «Ez dago ezer erabakita, baina aukera polita izan daiteke. Zenbait herritan etxeen izenak dauzkate jarrita eta herria jantzi egiten du». 
 
Aztertzen ari diren beste aukera da toponimia mapa berrian kaleen izenekin batera etxeen izenak ere jasotzea. «Toponimia mapa berritzeko asmoa daukagu eta aukera izan daiteke atzealdean, herriko kale izendegiarekin batera, etxeen izenak jartzea».