Marlik, zaldi eroaren bluesa

Baleike 2018ko urt. 10a, 16:51

Marlik laukoteak taldearen izen bereko diskoa atera berri du. Bertsio gau baterako elkartutako taldeak jarraipena izan du eta bluesaren eta rockaren bidezidorretatik doazen hamar kantaz osatutako emaitza entzun daiteke dagoeneko.

(Erreportaje hau abenduko Baleike aldizkarian atera genuen)

Maialen Velardek (ahotsa), Beñat Fernandezek (gitarrak), Ales Gorritik (baxua) eta David Gorritik (bateria) osatzen dute Marlik. Gazteak izanda ere, eskarmentua dute agertoki gainean. Beñat, Ales eta David aurrez beste rock taldeetan aritutakoak dira; Maialen, aldiz, nahiz eta musika munduan pausoak eman dituen, bertsotan aritzeagatik da ezagunagoa, eta, berak esan duen bezala, lehen aldia du halako musika talde batean.

“Norbaitek esan zidan hegoaldeko ukitua aurkitzen diola gure musikari”, dio Alesek taldeaz eta diskoaz hitz egiteko jarri dugun hitzorduan. Estatu Batuetako hegoaldeaz ariko zen entzule hura, hainbat bluesman handien jatorria den Hegoalde mitikoa, hain zuzen ere. Blues musika da taldearen oinarrietako bat; Neil Young kanadiarraren kabalgata elektrikoak bestea. Izan ere, iazko santelmoetako bertsio gauean Youngen kantak jotzeko elkartu ziren taldekideak.  

Arranplan jarritako oholtzara gau hartan igo aurretik izan ziren aurretik elkarrekin talderen bat sortzeko saiakerak. “The Grace of Dionysuseko Abraham Larrañagarekin blues batzuk jotzeko elkartu ginen. Beñat ere etorri zen, baina ez zuen aurrera egin. Aurretik, Luis Garciak, Beñatek eta hirurok beste saiakera bat egin genuen, baina hura ere ez zen atera. Ematen du hirugarren hau izan dela ona”, dio Davidek. Neil Youngen kantak jo ahal izateko Maialenekin kontaktatu zuten. “Neil Youngek bezala, tonu altuan abesten zuen norbait behar genuen”, azaldu du Davidek. Pertsona hori Maialen Velarde izan zen.

Mikrofono baten aurrean jartzeko esperientzia bazuen Maialenek bertsolari bezala, baina askorik ez musika munduan. “Ez, eta musika estilo honekin gutxiago. Niretzat kantatzea bazen zerbait desberdina. Neil Youngen kontzertu hartan kantatzeko eskatu zidaten, halako ahots bat behar zutelako. Eta nik ez neukan Neil Young asko entzunda. Amak eta esan zidaten ea nola ez nuen ezagutzen. Baina, egia da, ez nuen ezagutzen!”, dio Velardek. “Bertsolaria izateak azkartasuna eman dio”, gaineratu du Davidek. “Gainera, bertsolari askok gaizki egiten duten zerbait berak ondo egiten du, eta da intonatzen dakiela! Ondo abesten duela!”. Barrez hasi dira laurak.

Oholtzara igo ziren, Neil Youngen lauzpabost kanta jo zituzten, eta hurrengo taldeari lekukoa pasa zioten bertsio gau hartan. Kanadiar hiperaktiboaren espiritua, baina barrenean geratu zitzaien, eta gau baterako proiektua izango zena, musika talde bihurtu zen. “Behin entseatzeko erritmoa hartzen duzunean erraza da engantxatzea”, dio Alesek. “Beste bertsio batzuk prestatu genituen eta [Itzurun tabernan] kontzertu bat emateko eskaera egin zigun aitak. Azkenean, ikusi genuen nahiago genuela gure kantak egiten hasi. Beñatek ehun mila kanta zituen etxean”, jarraitu du Davidek. “Kanta eta ideia pila bat genuen eta kanta berriak egitera animatu ginen”, amaitu du Beñatek.

Sexplotion taldea utzi zuenean hasi zen Beñat etxean kanta berriak konposatzen. “Han punk-rock musika jotzen genuen. Oraindik taldean nengoenean beste kanta mota batzuk egiten hasi nintzen, baina han ez ziren sartzen. Sexplotion utzi nuenetik hau sortu zenera arte bizpahiru urte pasako ziren eta denbora horretan asko jo dut bakarrik, gitarra akustikoarekin. Azkenean beste modu batera jotzen ikasten duzu. Ez zara egongo raka-raka jotzen etxean!”, dio barrez Beñatek.

Bata punk-rocketik, bestea metal mundutik. David Izu Nauk taldeko bateria jotzailea izan da. Estilo aldaketa normaltzat jotzen dute biek. “Aldatu egiten zara. Azkenean, urtero gauza bera jotzen nekatu egiten zara. Une bat heltzen da entzuten duzun musika horrek ez dizula ezer ematen, ezta entzuten duzunean ere; aspertu egiten zara. Aldatu egin behar da, eboluzionatu”, azpimarratu du Davidek. “Urte eta erdi daramat dunbal bikoitza jo gabe! Orain metala jotzea ez litzaidake erraza egingo, indar eta abiadura asko galdu dut eta”.

Beñatek sortutako musikaren gainean joan dira hazten Marliken kantak. “Etxetik eraman ditudan kanta asko daude. Maialeni esan izan diot nola ikusten ditudan gauzak, baina, gero, aldatu egin dira lokalean”, dio gitarra jotzaileak. “Niri garrantzitsua iruditzen zait musikari batek askatasuna izatea gauzak egiteko, nahiz eta kanta erdia eginda egon. Bakoitzak bere gauzak sartzen ditu, eta, jo eta jo, azkenean emaitza lortzen da”, jarraitu du Davidek. “Ez naiz diktadore bat esaten duena gauzak nola izan behar duten. Atera dena gustatu zait eta hasierakoa gogoan ere ez dut”, azpimarratu du gitarra jotzaileak.

Batek etxean ehun mila musika zituen; besteak, berriz, idatziz eta paperez betetako bost koaderno oso zituen. “Kanta batean melodia bazegoen, baina letra falta zen. Mila paper eta idatzitako mila gauza dituzten koadernoak ditut. Ireki nuen bat eta Amets Arzallusek egindako itzulpen baten letrak aurkitu nituen. Zerbait kantatzeagatik haiek kantatzen hasi nintzen, eta, azkenean, hori geratu da”, azaldu du Maialenek.

Letretan denetariko gaiak jasotzen direla dio abeslariak. “Denetik dago. Melodiek gai batzuei buruz kantatzeko gogoa ematen dizute. Musika ilun batekin ez zara kantatzen hasiko zer pozik bizi naizen margarita artean! Batzuetan melodia bat nuen, lau lerro, eta hortik joan dira letrak hazten. Beste batzuk, Sua eta diskoaren amaierako besteak, bai izan dira: ‘Melodia bat dut eta zertaz hitz egin nahi dut?’”.

Bertsotan aritzeak lagundu ote dio letrak idazterakoan? “Neure helburua 10-8-7-6 horiekin haustea eta jolas gehiago egitea zen. Ez badu errimatu behar, ez dezala errimatu; neurri aldetik hitz bat kanpoan geratzen dela? Bada, gera dadila. Melodiarekin gogoa ematen didana egiten, horrekin ari naiz ondo pasatzen”. Diskoa ateratzeak kantak abesteko modua finkatzeko balio izan diola ere azaldu du: “Melodiak ez ziren oso itxiak eta egunero desberdin abesten nituen. Diskoak balio izan dit (behintzat, niri) jakiteko kanta zehatz horiek nola abestu behar ditudan”.

Aurtengo apirilean eman zuen taldeak lehen kontzertua, Itzurun tabernan. Zortzi hilabete geroago, lehen CDa atera dute. Diskoa Uxategiko grabazio estudioan grabatu dute, hilabete inguruan, Jurgi Taboadaren gidaritzapean. “Jurgi Izu Nauk taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea zen. Izu Nauken azken diskoa ere berak grabatu zuen. Ikasten joan da eta prozesu hori asko gustatzen zaio. Beti metal musikaren inguruan aritu da eta ilusioa zuen gurea bezalako taldeko batekin lan egiteko”, azaldu du Davidek, Izu Nauk taldean Jurgiren taldekide izandakoak. “Grabatzen hasi aurretik, hilabete eta erdi egin genituen erabakitzen kanta bakoitzak zer soinu izango zuen. Grabatzera sartu ginenerako ideiak oso garbi genituen”, jarraitu du. “Ona zen zenbait gaita berak ere iritzia ematen zuela. Ekoizle lanak ere egin ditu zenbait unetan”, gaineratu du Beñatek. “Ilusioa ere ematen zigun ikusteak guk bezainbesteko ilusioa jartzen zuela”, nabarmendu du Maialenek. 

Hamar kantaz osatzen da Marliken lehen diskoa. Zuri izeneko blues rock mugitu batekin hasten da. Bigarrenak, Mugetan kobrek, Neil Young and Crazy Horsen ukitua badu, mantsoagoa, pisutsuagoa. Diskoaren lehen zatian tartekatzen joango dira kanta mugituak eta mantsoagoak. Instrumental baterako tartea dago (Mayo garlik), baita euskara eta gaztelania tartekatzen dituen Con los pies en la tierra ere. Suan azeleradoreari ematen diote eta Labarretanen blues akustiko bat jotzen dute, slide gitarra eta guzti. Bukaerarako uzten dituzte bi kanta luzeenetakoak, Tim Burton eta Zu gabe, biak ere blues rock geldo bezain boteretsuak. Diskoa herriko zenbait tabernatan izango da salgai, baita kontzertuetan ere. Bandcampen duten txokoan ere oso osorik entzun daiteke.

Behin diskoa kalean, emaitza zuzenean erakustea izango da helburua. Oraingoz kontzertu bat dute hitzartuta, abenduaren 16an, Aizarnazabalen. “Grabazioan zentratu nahi izan dugu eta ez gara kontzertuen bila ibili”, aipatu du Maialenek. “Beti galdetzen dizute ea zerbait grabatuta duzun”, jarraitu du Beñatek. “Grabazio bat edukitzea garrantzitsua da. Urte berriarekin ibiliko gara bila. Aizarnazabalen dugu kontzertu bat eta pentsatu nahi dugu Zumaiatik jendea joango dela. Zumaian zerbait egingo dugun? Ez dakit aurkezpen bezala izango den, baina zerbait egingo dugu”. 

Marlik Facebooken eta Bandcampen.