Bihar zabalduko da Guraso Eskolan izena emateko aukera, hilaren 18ra arte

Baleike 2018ko urt. 8a, 15:15

Aurten ere guraso eskolak egingo dira urtarrilaren amaieran hasi eta martxora bitartean; 6 eta 12 urte arteko haurren gurasoentzat antolatuko da eskola bat, eta 13 eta 18 urteko gaztetxoen gurasoentzat bestea. Udaleko Hezkuntza Sailak eta Gizarte Zerbitzuak antolatu dituzte.

Haur eta gazteen heziketarekin lotutako gaiak landuko dira: haur eta nerabeen autoestimua nola zaindu, familiarekiko komunikazioa eta elkarbizitza nola hobetu, neba-arreben edo lagunarteko erlazioak nola kudeatu… Horrez gain, aurten arreta berezia eskainiko zaio bullying eta ziberbullyingaren gaiari. 
 
Saioak urtarrilaren 29an hasiko dira, martxoaren 12ra arte; astelehenero egingo dira, otsaileko lehen astean izan ezik: astelehenean (5ean) egin ordez, asteazkenean (7an) egingo da. Saio guztiak Brankako bilera gelan izango dira (atzeko atetik sartuta), 6-12 urte bitarteko gurasoentzat 15:00etatik 16:30era, eta 13-18 urteko gazteen gurasoentzat, berriz, 19:00etatik 20:30era. 
 
Izar Arregi psikologoak eta Joxe Amiama pedagogoak gidatuko dituzte bi eskolak eta, goian aipatutako gaiak landuko diren arren, gurasoek eskolan planteatzen dituzten kezka eta gaiei erantzuten ere saiatuko dira. 
6-12 urte arteko haurren guraso eskolan parte hartu nahi dutenek ikastetxean eman behar dute izena eta 13-18 urteko gazteen gurasoek, aldiz, Brankan. 
 
Informazio gehiago jasotzeko 943 86 22 00 edo 943 86 50 25 (luzapena 110) telefonoetara deitu dezakete interesdunek.