Agiro mendiko ondarea ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo da igandean

Itziarko Auzo Udala 2018ko urt. 8a, 14:45

Urte berrian sartuta, aurrera darrai udazken-negurako Itziarko Auzo Udalak antolatutako kultur egitarauak. Honela, urtarrilak 14 iganderako ibilaldi gidatua dago iragarrita, Agiro mendiko altxorrak deiturapean. 

Endoia eta Arbiskoa bailaren artean dago kokatuta Agiro mendialdea, gehienontzat arrotz. Balio natural eta geologiko oparoa izateaz gain, giza-aztarna ugari gordetzen dituzte bertako parajeek, garai bateko bizimodu menditarraren lekuko.

Karobi, txondor, elurzulo eta artzai-txabolak dira ibilbidearen aitzakia, inguruan ikuskatu daitezkeen landare eta animali espezie desberdinez gain. Aztarna eta berezitasunez betetako paisaia hau Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatzen da, interes geologikodun karst eremuan. Aipatzekoa da bertan Sesiarteko antiklinala, Geologia Interesgune izendatua.

Tartean geldialdiak eginez, azalpen eta kontakizunez jantziko da ibilaldia. Goltzibar haranean dagoen Astigarraga Koba bisitatzeko aukera ere eskainiko da, arkeologoen gidaritzaz. Euskal historiaurreko koben artean, azken aurkikuntzetakoa da berau, eta xumea izanik ere, bere hormetako arteak badu garrantzia.

Inguruko bazterrak hobeto estimatu eta ezagutaraztea du helburu ekitaldi honek. 

Argibideak:

Zelai Txiki (Arbiskoa) paretik abiatuko da txangoa, goizeko 09:00etan.
5 orduko iraupena izango du, gutxi-gorabehera, azalpen eta geldialdiak kontatuz.

Mendian ibiltzen ohitutako jendearentzat dago aurreikusita bidea, 12 urtetik gorakoentzat. Komenigarria da arropa eta oinetako egokia jantzita etortzea. Norberak eraman beharko du linterna edo frontala.

Ibilaldian parte hartzeko taldea mugatua da. Horregatik izena aurrez ematea aholkatzen da, 626710441 (Xabier) telefonora deituz, edo arbiltxo@hotmail.es  helbidera idatziz. Ibilaldiaren ondoren nahi duenak Aittola-Zar jatetxean taldean bazkaltzea da asmoa.

GEOPARKEAren laguntza du ekitaldi honek.