Klarinetisten elkargunea izango da Zumaia aste honetan

Baleike 2017ko abe. 11a, 19:25

Euskal klarinete munduaren elkargunea izango da Zumaia aste honetan. Etzi hasi eta igande iluntzera bitartean XVI. Klarinete Maratoia egingo da, aurten ere, Sapere Aude Sinfonietta taldeak antolatuta. Egun horietan klaseak, kontzertuak eta musika instrumentu honekin lotutako beste zenbait ekintza egingo dira. 

Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako klarinetista izango dira Zumaian bihartik aurrera. Izena eman duten ikasleak 70 inguru izan direla argitu digu Marixi Sesmak, Sapere Aude Sinfoniettako kide eta Klarinete Maratoiko sortzaile taldeko lagunak. "Hauei irakasleak eta osteguneko pintxo-potean joko duten Musika Bandako kideak gehitzen bazaizkie, guztira 90 bat lagun izango gara".

Aurten ere hutsik egingo ez duena Carlos Casadó klarinetista valentziarra izango da. Aurreko hamabost urteetan bezala, XVI. maratoi honetan ere klaseak berak emango ditu, kontzertuetan parte hartzeaz gain. Casadó bera da hainbat ikasle Zumaiara etortzearen arrazoia. Espainiako Orkestrako kideak banakako klaseak ematen ditu eta taldekoak ere gainbegiratzen ditu.

Ez hori bakarrik. Laster grabatuko duen disko bateko errepertorioa joko du igande arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan izango den kontzertuan. Emanaldi berezia izango da, musikaz gain, kontakizunek ere bere protagonismoa izango dutelako.

Urtetik urtera indarra hartzen joan den ekitaldia gaztetxoei zuzendutako klarinete laukoteen kontzertu-lehiaketa da. Iazko parte-hartzaile kopuru bera izango da aurten ere: 13 laukote. Hauetatik batzuk errepikatu egingo dute, baina badira lehen aldiz Zumaian joko duten laukoteak ere.

Kontzertu hauez gain, beste lau emanaldi izango dira igandera bitartean. Aipagarria da ostiral iluntzean irakasleek osatutako Klarinet.eus ensembleak komentuan emango duen saioa.

Erlazionatuak