Muxarraren hezurra abesti bihurtuta

Baleike 2017ko abe. 4a, 12:10

Sargo laukoteak lehen diskoa atera zuen pasa den udaran. Taldearen izen bereko diskoa da eta punka eta rock gogorraren bueltan mugitzen diren zazpi kantak osatzen dute. Gaur egun bizi dugun egoeraren ikuspuntu beltza jasotzen dute abesti hauetan.

(Erreportaje hau azaroko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Muxar baten arrain hezurra ageri da zuri-beltzezko azalean, eta, barruan, hezur horiek bezain zorrotzak diren gitarren eztanda. Taldekideek diotenez, muxarra (sargo gaztelaniaz) arrain ausarta da, adoretsua. “Iker eta biok arrantzaleak gara eta muxarra arrain kementsua da. Pentsatu genuen Sargok bazuela indarra izen bezala”, dio Hectorrek. “Sobietar izen bat ere gogorarazten dit. Laburra, zuzena eta ahoskatzeko erraza da”, gaineratu du Ikerrek. Taldeak Uxategian The Grace of Dionysusekin partekatzen duen lokalean geratu gara diskoaz eta taldeaz hitz egiteko. Gau iluna da kanpoan. Beraien eginbeharrek uzten dieten denbora librean elkartzen dira entseatzeko.

Barricada talde nafarrak elkartu zituen Sargo taldea osatzen duten lau kideak: Iker (gitarra), Hector (gitarra), Juanjo (baxua) eta Jesus (bateria). 2013ko San Telmo jaietan egin zen bertsio gauerako elkartu ziren. “Hasieran, gau bakarrerako izan behar zuen, baina gero Estazioko jaietan jotzeko deitu ziguten, eta gero Alaiko jaietarako ere bai. Ez genuen Barricadarekin sailkatu nahi, eta beste talde batzuen kantak entseatzen hasi ginen: Reincidentes, La Polla, Extremoduro, Ramones, The Clash..., bizitza osoan entzun ditugun taldeak. Geroago hasi ginen kanta propioak egiten, bestela berbenako talde bihurtzeko arriskua duzu eta”, dio Ikerrek.

Deriva taldetik datoz gaur egun Sargo osatzen duten lau kideetatik hiru: Hector, Jesus eta Juanjo. “Deriva gogo handiarekin hasi genuen, baina pixkanaka beheraka joan ginen, eta azkenean uzteko erabakia hartu genuen”, gogoan du Jesusek. “Iker hemendik zebilen eta bertsio gauerako elkartu ginen. Nik Derivan bateria jotzen nuen, baina Sargon baxua jotzen eta abesten hasi nintzen. Nire anaia Ruben zen bateria jotzailea, baina lanagatik utzi egin behar izan zuen. Tartean Alex (Milavinovic) ere izan genuen, baina azkenean berriro bateriara itzuli nintzen eta Derivan baxua jotzen zuen Juanjo elkartu zitzaigun. Hura ere zerbait egiteko gogoarekin zegoen”, gaineratu du.

Laukotea egonkortuta, estudioan sartu ziren diskoa grabatzeko. “The Uski’s taldeko kideek Ibarrangelun duten estudioan grabatu dugu. Hiru asteburutan grabatu dugu, ostiraletan joan eta larunbat goizaldera bueltatuta”, azaldu du Ikerrek. Teknikarien lana ere txalotu du. “Talde asko ari dira grabatzen han, eta gustu ona dute. Xehetasun guztiak zaintzen dituzte. Rockaren ikuspuntu berezia dute. Esango nuke diskoan lortu dugun soinuan garrantzi handia dutela; taldeko bosgarren eta seigarren kideak dira. Beste nonbaiten grabatu izan bagenu, beste soinu bat izango luke, onerako eta txarrerako”.

Zazpi kantaz osatzen da diskoa, guztiak taldekideek beraiek konposatutakoak. Punk rock eta hard rockaren mugan mugitzen diren abestiak dira. “Bizitza guztian entzun dugun musika da. Soinu teknikariak alboan zuen bati galdetu zion ea zer iruditu zitzaion entzun zuena, eta hark esan zuen Rosendoren antza zuela. ‘Ondo goaz!’, pentsatu genuen”, dio harro Ikerrek. “Musika jotzen ikasi genuenean, Ikerrek Bururekin eta nik Llavorirekin, gitarren musika hau entzuten genuen. Agian denborarekin aldatzen joango gara, baina ez dut uste”, nabarmendu du Jesusek. 

Muxarraren hezurra bezain zorrotzak dira bizi dugun garaiak dituen arantzak, edo, Golpes Bajos taldeak zioen bezala, garai txarrak dira lirikarako. Garai ilun hau taldearen abestietan islatu da. Bienvenidos a este mundo kantak ematen dio hasiera diskoari. “Kanta nahiko kritikoa da. ‘Ongi etorriak mundu honetara, non zuen kateen kolorea aukeratzea izango duzuen’, dio. Ez da garaia ‘gora maitasuna!’ edo ‘gora loreak’ abesteko. Entzuten dugun musika ere ez doa bide horretatik. Lanean izorratzen zaituzte eta egiten duzun ezer ez dizute aitortzen. Zer abestu behar duzu? Pozik zaudela? Yuli izango da, agian, kanta optimistena eta jipoituta eta izorratuta bizi den emakume baten bizitza kontatzen du”, dio Ikerrek. Errefuxiatuen drama eta bortizkeria matxista dira, hurrenez hurren, kanta hauetan jaso dituzten gaiak.

Taldekideen artean banatu dituzte kantak konposatzeko ardurak. “Gehienbat Hectorrek eta Ikerrek egiten dituzte”, dio Jesusek. “Letrak Ikerrenak dira, Jesusen ekarpenekin”, jarraitzen du Hectorrek. “Kanta batzuk Hectorrek eta biok ia bukatuta ekarri ditugu entsegu lokalera, baina beste pare bat lokaleko inspirazio gau batetik ateratakoak dira”, gaineratu du Ikerrek.

Diskoen salmentek behera egin dute azken urteotan. Hori hala izanda, zergatik egin halako inbertsioa? “Denbora luze daramagu musikan, eta ilusioa genuen diskoa formatu fisikoan ateratzeko, jarraitzen gaituen jendeak, familiak, lagunek, zaletuek, gure zerbait izan dezaten”, dio Hectorrek. “Interneten, Bandcampen, jarri dugu, baina ez da gauza bera. Jendeari diskoa zabaltzea, edukia aztertzea eta diskoa gailuan jartzea gustatzen zaio oraindik”.

Behin disko bat aterata, normala emaitza zuzenekora eramatea izaten da. “Bada, uztailaren amaieran atera genuen diskoa eta ordutik ez dugu kontzertu bat bera ere eman. Sanpedrotan Amaiako plazan jo genuen. Oporretan kanpoan egon gara, gero Hector Estatu Batuetara joan zen lan kontuak zirela eta, eta, gainera, bestelako eginbeharrak ere baditugu”, damu da Jesus.

Diskoko zazpi kantak, “eta kanpoan geratu diren beste bizpahiru” dituzte errepertorioa osatzeko. “Bizpahiru bertsio sartzen ditugu beti gure kontzertuetan. Itoizen, Kortaturen eta Delirium Tremensen bertsioak egin ditugu, baita Doctor Deseoren Corazon de tangorena ere. Barricadaren bat ere beti sartzen dugu gure hastapenez gogoratzeko”. 

“Alemanian jotzeko eskaintza badugu”, dio Ikerrek. “Lagun bat dut han eta musika mota hau entzuten den lokal bat du. Hemengo musika maite du. Diskoa atera genuenean bidali nion eta galdetu zidan ea noiz joko genuen han. Karlsruhen duen lokalean jotzea proposatu zigun, eta nahi izanez gero, Estrasburgon eta Stuttgarten ere kontzertuak antolatuko zizkigula. Arazoa da Alemaniara joatea dirutza kostatzen dela”. “Ez dugu Getarian edo hemen inguruan jotzen eta Alemaniara joango gara”, erantzun dio Jesusek. “20 urte izango banitu, izan ziur joango nintzatekeela”, dio Hectorrek. “Asmoa hara kotxez ostiral batean joan eta astelehenean bueltatzea zen. Hegazkina jarriko baligute, agian joango ginateke, baina, bestela, 2.400 kilometro egin behar dituzu, eta, gero, agian, inor ez dago kontzertuan”, nabarmendu du Jesusek. “Garbi dagoena da gure musikak ez diola ezer esango zerbait berria nahi duenari, baina bai musika mota hau entzuten duenari. Eskaintzak entzuteko gaude”, amaitu du Ikerrek. 

Sargok Facebooken eta Bandcampen ditu txokoak. Bertan erosi dezakezue diskoa.