365 egun behar ditu euskarak

Baleike 2017ko abe. 2a, 16:06

Euskararen Nazioarteko Eguna da bihar. Bezperan, ekitaldia egin da Torreberri azpian. Zapi gorria lepoan jarrita, euskara egun bakarreko kontua ez dela aldarrikatu dute, euskarak 365 egun behar dituela azpimarratu dute. 

Hasiera batean Zapitik zapira ekintza zen egitekoa, Ardantzabide eta Gurrutxaga plaza lotuko zituen giza katea osatzea, alegia. Eguraldi makurragatik ekintza hori bertan behera geratu da eta Torreberri azpian egin den ekitaldira mugatu da. 

Igandean, Euskararen Egunean, Ibilaldi bat euskararen arrastoan hitzaldi ibiltaria abiatuko da, goizeko 11:00etan, Kofradiako plazatik, Imanol Azkueren gidaritzapean. Bidean zehar, euskarak herrian izan duen bilakaeraren inguruan mintzatuko da. Izan ere, euskara ezkutatuta egon zen hainbat urtetan, baina 1960tik aurrera lekuak eta funtzioak irabazten hasi zen, zumaiarren eta herriko taldeen ekimenez (ikastola, udala, euskaltegia, bertso eskola...) eta ibilaldian horietako batzuk kokatu eta ezagutzeko aukera izango da.