Odriozolarentzat gaurko txapela, Urangarentzat Europako titulua

Baleike 2017ko aza. 26a, 18:21

Alex Odriozolak irabazi du Zumaia Pro bodyboard txapelketa, Europako zirkuituko azken proba, finalean Alex Urangari nagusituta. Urangarentzat da, hain zuzen ere, aurtengo Europako titulua, zirkuitua osatu duten hiru probetan puntu gehien berak lortu ditu eta. Junior mailan, Jon Atxega oriotarrak eraman du gaurko txapela.

Txapelketa borobila osatu dute aurten herriko bodyboardlariek: Alex Odriozolak eta Alex Urangak jokatu dute maila  nagusiko final handia, Andoni Izaga podiumeko hirugarrena izan da, eta zortzi onenen artean beste bi zumaiar izan dira, Xabier Urrestilla eta Unai Granados. Zumaiarrekin batera, Daniel Fonseca eta Jose Viaña portugaldarrak eta Jon Aymar miarriztarra izan dira maila nagusiko beste hiru protagonista nagusiak. Bereziki txalotzekoa Jon Aymarrek egindako ahalegina, junior mailan eta maila nagusian, bietan ikusgarri aritu baita: finala jokatu du junior mailan –Jon Atxega oriotarrak irabazi dio– eta finalaurrekoa maila nagusian –Alex Urangaren aurka–.

2012tik Zumaian Europako Zirkuituko proba jokatzen hasi zenetik, gaur arte hirugarrena zuen posturik onena  Alex Odriozolak; eta, aurten ere, finalaren atarian gelditzeko zorian izan da Andoni Izagaren kontra jokatu duen finalaurreko buruz-burukoan. Izagak txapelketa bikaina osatu du baina, finalean sartzeko nahikoa meritu egin duen arren, Odriozolak buelta eman dio markagailuari azken unean hartutako olatuarekin. Alex Urangak, berriz, estuasun handirik gabe gainditu du Jon Aymar gaztea eta iazko txapela defenditzeko prest iritsi da finalera.

Final handiaren aurretik, junior mailakoa jokatu da. Jon Aymar miarriztarrak ez du atsedenerako tarterik izan eta segidan jokatu behar izan ditu Urangaren kontrako finalaurrekoa –maila nagusikoa– eta Jon Atxegaren kontrako finala. Atxegak ondo aprobetxatu du aukera eta beretzat izan da garaipena. Aymarrek leher eginda amaitu du, baina ikusleek eskainitako txalo zaparradarekin gozatu du pixka bat azken uneko atsekabea.

Final estua

Gogor ekin dio Alex Odriozolak final handiari eta, hein handi batean, lehen txanpan erabaki du txapela bere alde. Bi olatu on lortuta, lana beltz egitera behartu du Uranga. "Hasierako bi olatu horiek lortu ditut eta hortik aurrera abantaila defenditzen saiatu naiz", esplikatu du Odrioziolak uretatik atera berri; " gero saiatu naiz puntuaketa hobetzen, baina olatu hobeagorik ez da etorri". Urangak nahi baino lehen ikusi du finala maldan gora, baina txapeldun handia da eta egoerari buelta emateko zorian izan da: "Olatu on bat puntuatu dut eta uste dut nire aukera izan dudala. Olatu bat ez didate bukatutzat eman eta niretzat garbia izan da, eta azken olatuarekin ere hortxe egon naiz. Baina dena den, pozik nago, Europako Txapelketa lortu dut eta gaur garaipena Alexek lortu du eta txapela etxean gelditu da".

Aurtengo txapelketan Marokoko riderrak bota dira faltan, azken unean bisa lortzeko arazoengatik ez baitute etortzerik izan. Emakumeen txapelketarik ere ez da izan, Europako txapelduna Portugalen jokatutako bi probetan erabakita gelditu zelako. Hala ere, beste urtebetez Europako mailako proba Zumaian jokatzea lorpen handitzat hartu behar da, erakusleiho aparta baita bertako eta inguruko bodyboardlarientzat.