Hizkuntza ohiturak aldatzeko jaio da Euskaraldia

Baleike 2017ko aza. 23a, 17:20
Euskalgintzako eragileak Euskaraldiaren aurkezpenean, gaur Bilbon.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskaraldia, Euskaraz egitea sustatzeko ekintza. Azken bi urteetan hainbat herritan martxan izan diren dinamikak euskararen lurralde osora zabaldu nahi dituzte antolatzaileek.

Bilbon aurkeztu da Euskaraldia, Euskarak 365 egun dinamikaren baitan jaio den proiektua. Arriaga Antzokian egin da prentsaurrekoa; bertan izan dira hainbat gizarte eragile eta instituzioetako ordezkariak. Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Tokikom, Euskal Elkargoa eta Nafarroako Gobernua daude, besteak beste, euskara sustatzeko proiektu honetan.

Euskal hiztunak aktibatzea izango da urtebete barru hasiko den ekimenaren helburua. Euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonistak, eta, 11 egunetan zehar, beraien ohiko harreman sareetan euskaraz egiteko gonbidapena jasoko dute. Horrekin inertziak apurtu nahi dira, euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Ekimena Euskal Herri osoan zabalduko da, baina tokian tokiko euskaltzaleek izango dute dinamizazioa sustatzeko ardura. Herri eta entitateek, 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera. Dagoeneko, Euskal Herriko 40 herri edo hiri daude Euskaraldia-ren antolaketan murgilduta.

 

'Ahobizi' eta 'Belarriprest'
11 egun euskaraz barnean, parte-hartzaile guztiak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dira, horrela identifikatzen dituen ikurra eramango dutelarik. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei, gutxienez lehen hitza, euskaraz egiten dietenak). Belarriprest aldiz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena egiten dietenak.

Elkarlanaren garrantzia

Ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute eragile guztiek elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Euskal Herri mailan gertatzen hasi den elkarlan dinamika hori herriz herri ere gauzatzea bada ekimen berri horren helburua.

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, tokian tokiko errealitateen aberastasunari erreparatu dio. "Nafarroan, egoera soziolinguistiko ezberdinak ditugu. Hortaz, erabilerari bultzada emateko planteatzen ditugun egitasmoak egoera horiei egokitu behar zaizkie arrakastatsuak izateko, euskararen aktibazioa modu erakargarri eta positiboan eginez".

Hain zuzen, Euskaltzaleen Topagunea-ko Arrate Illarok errealitate ezberdin horien markoan ariketa garrantzitsua azpimarratu du. "Euskaraldia urtebete lehenago aurkeztu dugu, elkarlanean martxan jartzeko eta herritarrei formazioa eskaintzeko denbora behar delako. Elkarlanean, euskararen sustapenean lanean ari garen entitateen, bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen eta herritar euskaltzaleen artean gauzatuko dugu Euskaraldia.

Hortaz, elkarlana funtsezkoa da ekimena aurrera eraman ahal izateko. Euskaltzaleen Topagunea-ko lehendakari Elena Lakaren esanetan: "Azken urteotan hainbestetan aldarrikatu izan dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragileen arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke".

Jone Guenetxea, Tokikomeko presidenteak ere elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: "Euskaraldia ekimenak baditu hainbat indargune. Garrantzitsuena bere izaera transbertsala dela esango nuke. Instituzioak eta eragileak eskutik helduta bide berri bati ekiteko prest daudela argi gelditu da gaur goizeko agerraldian, eta hori aurrerapauso handia da. Indarrak batzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egin gura badugu. Bestalde, esperientzia zehatz batzuetatik abiatuta, proiektuak tokian tokiko garapena izango du. Beraz, errealitate bakoitzera egokitutako ekimenak martxan jarriko dituzte. Ildo horretatik, egitasmo honetan tokiko hedabideok joka dezakegun papera inportantea izango da"

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du euskararen erabilera errazteko instituzioetatik lan egin behar dela. "Erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik ere euskara erabili ahal izateko. Proiektu hau eraginkorra izango da bide horretan".

Hein horretan, Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, aldeko pausoak berretsi ditu. "Euskaraldia-ren pertsonaia nagusiak herritarrak izanen dira. Halere, euskararen erabilera handitzeko ardura partekatua da: bakoitzarena eta molde guztietako entitateena. Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geriza behar dute; euskarazko harremanak posible izan daitezen, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetatik. Bide horretan, gure engaiamendua adierazi nahi dugu".

Ekimenaren sustatzaileak

Sustatzaileak
AEK
Arabako Foru Aldundia
Artez Euskara Zerbitzua
Bai Euskarari Elkartea
Berria taldea
Bizkaiko Foru Aldundia
EHU
Elhuyar
Elkar Fundazioa
Emun
Eudel
Euskaltzaleen Topagunea
Euskararen Erakunde Publikoa
Eusko Ikaskuntza
Eusko Jaurlaritza – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
Gipuzkoako Foru Aldundia
Hizkuntz Eskubideen Behatokia
Ikastolen Elkartea
Irrien Lagunak
Kontseilua
Nafarroako Gobernua – Euskarabidea
Sortzen
Soziolinguistika Klusterra
Tokikom
Uema
UEU