Jon Maiak aurrera egin du Bertsolari Txapelketan

Baleike 2017ko aza. 12a, 22:00
Argazkia: Gari Garaialde / XDZ

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdiko lehen itzulia gaur amaitu da Durango jokatutako saioarekin. Bertan hartu du parte Jon Maiak eta hirugarren egin du saioan. Lortutako puntuekin hurrengo itzulira pasatzea lortu du. 

Urtero hartzen duen azokarako hilabete eskas falta dela, Durangoko Landako gunea kultur topaleku izan da gaur ere. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa gauzatu da gaur han eta 2.100 ikus-entzule hurbildu dira Miren Artetxe, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Oihana Iguaran bertsolariak entzutera.

Aitor Mendiluzek batu ditu puntu gehien gaurko saioan, 740,5 guztira. Gainerako parte-hartzaileei dagokienez, 678,5 eskuratu ditu Miren Amurizak; 675 Jon Maiak; 671 Oihana Iguaranek; 648 Iñaki Apalategik; eta 639 Miren Artetxek. 

Bigarren itzuliko saioak, zehaztuta

Finalaurrekoetako lehen lau saioak eginda, 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian. Zuzenean sailkatu diren saioetako irabazleekin batera, puntuazio altuena lortu duten bertsolariak sailkatu dira txapelketan aurrera egiteko. Hauxe da zerrenda:

  1. Maialen Lujanbio (Irungo irabazlea)
  2. Sustrai Colina (Bastidako irabazlea)
  3. Beñat Gaztelumendi (Maule-Lextarreko irabazlea)
  4. Aitor Mendiluze (Durangoko irabazlea)
  5. Aitor Sarriegi
  6. Igor Elortza
  7. Agin Laburu
  8. Miren Amuriza
  9. Jon Maia
  10. Jon Martin
  11. Oihana Iguaran
  12. Jone Uria
  13. Julio Soto
  14. Unai Agirre
  15. Nerea Ibarzabal
  16. Etxahun Lekue
  17. Alaia Martin
  18. Iñaki Apalategi 

Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira finalaurrekoak datozen hiru asteburuetan: azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hain zuzen. Jon Maiak Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Etxahun Lekue, Jon Martin Etxebeste eta Nerea Ibarzabal izango ditu Amurrioko saioan aurkari.