“Oso jende ezberdina gaude eta horrek aberastu egiten du taldea”

Baleike 2017ko aza. 9a, 16:47

Lehenengo aldiz, helduen bertso eskola sortu da Zumaian. Asteartero biltzen dira Torreberriko lehen solairuan hamar bat lagun. Maialen Velarde eta Joanito Dorronsoro gidari harturik bertsoen munduan murgildu ez ezik, lagun arte apartaz gozatzen dute bertaratutakoek.

Aulkiez, sofaz, mahaiez, margoez eta beste hainbat elementuz osatutako gela goxoan biltzen dira asteartero helduen bertso eskolako kideak 20:30ean. Maialen Velarde eta Joanito Dorronsoro dira bertso eskolako irakasleak, eta beraien bueltan 10 bat lagun elkartzen dira.

Zumaiako bertso eskola 1982an sortu zen, baina harrigarria badirudi ere, helduen bertso eskola sortu berri da. “Zumaian bertsozale asko dagoela badakigu. Joanitorekin hasiak eskolan eta gero ume eta gazteen bertso eskolan jarraitutakoak adibidez. Oraingoan, ordea, herrira zabaltzea pentsatu genuen”, kontatu du Velardek. “Bertsolaritzak eskolan funtzionatu du, eta ondoren, bertso eskolan. Baina orain bezala, tailer-eskola irekia bezala, herri guztiari zabalik, ez dut uste behin ere egon denik. Txikientzat zuzenduriko bertso eskola beti egon da, eta adin horretan hasi direnek urteetan jarraipena egin dute, hori bai”, jarraitu du Dorronsorok.

Klasearen antolaketa

Helduen bertso eskola hamar bat kidek osatzen dute. Horietako batzuk aurrez ibilitakoak dira, eta beste batzuk, aldiz, hasiberriak. Bi zatitan dute antolatuta klasea. Lehenengoan Dorronsorok da irakaslea. “Klasearen lehenengo partean bertso zaharrak kantatzen ditugu. Xenpelarrekin hasi ginen, gero Otañon bertsoak abesten jarraitu genuen, eta orain Xalbadorrenak lantzen ari gara. Oso bertso aberatsak dira Xalbadorrenak, iparraldeko doinu asko erabiltzen ditu, esaterako; horietako batzuk, ez oso erabiliak, gainera”, aipatu du Dorronsorok.

Bertso zaharren bitartez, bertsolaritzaren historiaz gain, doinuen ezagutza handitzen dute ikasleek. “Nire betiko saltsan nabil, oso gustura. Elkarrekin kantatzea, koadrilan, oso sanoa eta ona da. Berritu egiten naiz gainera. Bertso eskolaren aitzakiarekin gauzak lantzea tokatzen zait eta gustura etortzen naiz. Gainera, besteei erakustean ikasten dut gehien”, gaineratu du.

Bigarren zatian, Velardek hartzen du gidaritza. “Joanitok bertso zaharrak ekartzen dituen bezala, nik proposamenak ekartzen ditut, buruari eragiteko ariketak... Batzuk lehen aldia dute bertso eskola batean, eta hasiera batean bertsoaren nondik norako pauso batzuk nola diren azaldu genituen: errimak, errima lehengusuak, neurriak… Azkenean biltzen garen jendearen ezagutzak eta gogoak ezberdinak dira, beraz, jolaserako ariketak ekartzen saiatzen gara”, kontatu du Velardek.

Hasiberriak eta aurretik bertso eskolan ibilitakoak elkartzea polita iruditzen zaie bi irakasleei. “Huts-hutsetik ez dator inor. Oso jende ezberdina gaude eta horrek aberastu egiten du taldea”, adierazi dute.

Freskoa eta lagun artekoa

“Bertso eskolan konexio polit bat gertatzen da: bertsozale izatetik, bertsolari izatera pasatzen direnean. Entzule izatetik, egile izatera pasatzea tentagarria da”, kontatu du Velardek.

Iraila amaieran egin zuten helduen bertso eskolan izena emateko deialdia bideo fresko eta informal baten bidez. “Gure helburuak eta nondik norakoak taldearen arabera zehaztuko genituela adostu genuen, eta horrela gabiltza, taldearen beharrizanetara egokituz. Lagun arteko zerbait da azkenean”, esan dute.

Azken urteetan agian, Zumaian ez da plazarako bertsolaririk atera. Velarderen iritziz, “boladak edo garaiak dira. Publikoaren aurrean kantatzeko gogoa zegoen garaian, bertako bertsolariei plaza emateko lan egin zen. Gerora igual, nik uste, beharrak eta nahiak aldatu egin zirela. Baina ez dut uste Zumaian bertsolaritzaren gainbehera izan denik. Bertsoa ez da beti oholtza gaineko zerbait. Gu 10 pertsona elkartzen gara, bertsotan egiten dugu, ongi pasatzen dugu eta honetan gelditzen da. Beraz posible da horrekin asko gozatzea eta oholtzaren beharrik ez sentitzea. Nire ustez garrantzitsuagoa da hemen sortzen den giroa eta sortzen diren bertso harreman horiek mantentzea. Gerora, plazara pausua emateko gogoa baldin badago, emango da”.

Txapelketa Nagusian bete-betean aurkitzen gara momentu honetan eta nabaria da hori ere bertso eskolako paretetan, izan ere, bertsolari bakoitzaren puntuazioak jartzeko mapa eskegita dute. “Txapelketak mundu guztia mugitzen du, hasiera hasieratik. Bestelako jaialdietan ere mugimendua izaten da baina hau berezia da. Ni neuk ere gertutik jarraitzen dut, izan ere, doinuen jarraipena gutxi-asko ere egiten baitut. Txapelketari buruzko liburua ateratzen da gero, eta beraz doinuak atera egin behar dira, zein erabili diren eta abar aztertu. Bi lagunen artean egiten dugu orain, eta horrek ere gehiago jarraitzea eskatzen dizu”, nabarmendu du Dorronsorok.