INKESTA: Zer iruditu TAO sistema?

Baleike 2017ko aza. 7a, 11:31

Dagoeneko igaro da Zumaiak TAO izan duen lehenengo udara. Aparkatzeko arazoak zirela eta, Zumaiako Udalak 2017ko udararako TAO sistema ezartzea erabaki zuen. Ekainaren 15etik irailaren 15eraino egon da indarrean sistema herriko lau eremutan: Alde Zaharra-San Josen, Larretxon, Arrangoleta-Amaiako plazan eta Ardantzabiden. Moilaberriko zubitik Saregileen plazaraino eta Ardantzabiden indarrean jarraituko du sistemak urte osoan zehar. Zumaiako hainbat tabernari, dendari eta auzotako herritarrekin hitz egin dugu TAO sistemari buruzko euren iritziak ezagutzeko.

(Inkesta hau urriko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Ana Arregi

Ana Arregi (Ana arropa dendaren jabea): “Niri TAO jartzea ongi iruditzen zait. Nire ustez, ordea, ez dute ongi jarri; beste modu batera egin daitekeela uste dut. Negozioan ez dut ezer ere igarri, baina ez dakigu TAOrik gabe nola izango litzatekeen gauza. Ikusi dudana da jende asko presaka etortzen zela, esanez: ‘Mugitu, ordubete bakarrik daukagu eta joan egin behar dugu, TAO pasa egingo zaigu bestela!’. Jendea estresatuta ikusi dut, eta ingurukoak, Zestoakoak, Arroakoak, Oikiakoak, etab. pila bat kexatu dira TAOren gaiarekin eta pila batek esan didate jada ez direla asko etortzen. Baina nik bestela ez dut igarri jendea jaitsi denik. Denboraren kontua aldatuko nuke, egun guztirako aukera egotea jarriko nuke, ez bakarrik ordu eta erdi edo sei ordu edo dena delakoa. TAO egotea ongi iruditzen zait, baina gustatuko litzaidake egun osorako egoteko aukera izatea”.

Itziar Osa

Itziar Osa (GEÊ dendaren jabea): “Alde batetik, ondo iruditu zait Zumaian TAO jartzea, ze, azkenean aparkaleku arazo bat zegoen eta horrekin, behintzat, herritarrok irabazi egin dugu. Hala ere, dendarako txarra izan da: jendeak hemen, Moilan, denbora gutxi dauka eta orduan beti tiketaren kontuarekin joan egiten zen. Aldatuko nukeena izango litzateke hemen ere, Paolbidean bezala, errotazio altuko TAO jartzea”.

Ander Urbieta

Ander Urbieta (Tximista tabernaren jabea): “Iruditzen zait TAO jarri behar zela, ez dakit sistema onena jarri duten edo ez duten, probak egin beharko dira. Baina zerbait egin beharra zegoen. Nik beste era batera jarriko nuke, seguru asko; TAOren aparkaleku dezente gehiago jarriko nituzke horrenbeste egoiliar jarri beharrean, baina hasieran probak egitea normala iruditzen zait. Negozioan onik ez dit eragin, egunean zehar lehengo urtetik hona igarri dut aldea. Niri iruditzen zait ez duela gehiegi lagundu jendeak aparkatzeko, baina garbi dago zerbait egin behar dela. Orduan, ez dakit, iruditzen zait datorren urtean hobeto egongo dela. Egoiliar gutxiago egon beharko luke nire ustez eta TAOn aparkatzeko aukera gehiago, aparkaleku huts asko ikusi dira eta. Orduan, erdibide bat bilatu behar da arazoa konpontzeko”.

Iker Fisico

Iker Físico (Gure Txokoa tabernako langilea): “Alde batetik, bazen TAO jartzeko garaia, baina denbora luzera uste dut herriarentzat kaltegarria izango dela. Ohituta gaude azkenaldian hainbeste turista etortzera, eta orain, bat-batean, TAOrekin dezente moztuko dela uste dut. Momentuz esan daiteke herritarrei dohainik ateratzen zaigula, baina orduaren kontua… hemen aurrean, behintzat, denbora tarte gehiago jarriko nuke, ordu eta erdi baino gehiago. Guri gaizki datorkigu ordu eta erdirekin, bezeroak azkar-azkar bazkaldu eta joan egiten dira TAO jartzera joan behar dutelako. Hori gaizki datorkigu”.

Ane Menayo

Ane Menayo (Larretxoko herritarra): “Neuri ongi etorri zait TAO jartzea. Larretxon bizi naizenez, hondartza ondoan, udan beti eduki dut lekuren bat etxetik gertu aparkatzeko. Ez balitz TAO egongo, turistak edo beste auzo batzuetan bizi den herriko jende asko hondartzara kotxean joango lirateke eta nik lanetik edo beste nonbaitetik iritsitakoan ez nuke lekua edukiko. Orduan, alde horretatik, pozik nago, ze, lanetik iritsi eta lekua ziurtatuta edukitzea hondartza alboan azken urteetan zaila izan da. Aldatuko nukeena Larretxora igotzeko jarri duten kamera da; gertuko kasu bat ezagutu dut: zumaiar batek bere garajea Larretxon eduki, kanpoko lagun bat etorri eta ezin aparkatu ahal izatea garaje horretan; izan ere, kamera horrek hogei minutuko aukera ematen du gora igo eta behera jaisteko. Bestela, niri azaldu didatenez, multa zuzenean etxera iristen da. Orduan, uste dut norbaitek bere garajea baldin badauka, edozein kotxek sartzeko aukera eduki beharko lukela. Kamera horrek ez zuen uzten hori egiten, matrikula errejistratuta ez zegoenez, multa iritsiko zitzaiolako eta zerbait aldatzekotan, horixe aldatuko nuke”.

Joxe Etxeberria

Joxe Etxeberria (Mari kaleko herritarra): “Komenigarria zen Zumaian TAO jartzea:  jende askok autoa ekartzen zuen goizean, hondartzara edo etortzen ziren eta egun osoa autoa hor aparkatuta uzten zuten. Hori ezin daiteke egin, hori leku gutxitan egiten da. Zumaian uste dut komeni zela neurriren bat hartzea. Beti dago aldatzeko zerbait, baina ez da arazo handia Zumaian TAO jartzea, kanpotarrentzat badago-eta tokia aparkatzeko kirol portuko zabalgunean, adibidez, kotxea han utzi eta ederki etor daiteke bai kaskora, bai hondartzara, batera eta bestera. Ibaia pasatzeko motorra dago eta ez dago batere eragozpenik. Molestia pixka bat, baina nola ohituta gauden leku bertaraino kotxearekin joan eta egun osorako han lagatzera, gehiegitxo bezala da. Zumaian ezin daiteke, eta beste herrietan ere ez dut uste”.

Moises Torrente

Moisés Torrente (Bonbillo behekoa kaleko herritarra): “Ongi eta beharrezkoa iruditzen zait herriarentzat TAO jartzea. Beharrezkoa zen zerbait jartzea kotxea errazago uzteko. Horrez gain, herritarrak garenontzat ordu eta erdi daukagu libre aparkatzeko ezer ordaindu gabe, eta oso ondo datorkigu. Aldatzeko? Ez zait ezer bururatzen zerbait”.

Javi Manteca

Javi Manteca (Txurreko saltzailea): “Ongi iruditzen zait TAO jartzea. Gainera, hobetu egin da, toki gehiago egon delako egoiliarrek aparkatzeko. Beti hobetu daiteke, baina ongi iruditzen zait. Gauza asko alda daitezke, baina aztertu egin behar da. Momentuz, ondo dagoela iruditzen zait”.

Maddi Uranga

Maddi Uranga (Aita Mari kaleko herritarra): “Iruditzen zait turismoa asko igo denez, erregulatu egin behar zela aparkalekuena, azkenean zumaiarrok aparkatzeko arazoak genituen eta. Baina ez zait iruditzen diruarekin ordaintzea denik konponbidea aparkamenduaren arazoari aurre egiteko. Baina, beno, hala ere, behin konponbidea jarrita, gaizki iruditzen zait TAO herriaren alde batean bakarrik jartzea, horrek azkenean herriaren beste aldeari, hau da, Poligonoari kaltea ekarri diolako, han aparkatu ezin zutenek poligonoan aparkatu dutelako. Jarri zituzten pertsona horiek azkenean ez zuten funtziorik betetzen, eta, orduan, alde honetakook aparkatzeko arazoak eduki ditugu. Bestalde, arazoa zen Poligonokoak zubiaren beste aldean aparkatzeko arazoak geneuzkala, TAO zegoen tokietan bakarrik aparka genezakeen, eta, gainera, ordu mugatu batzuetan. Eta, aldiz, egoiliarren txartela zutenek gure aldean, Eroskira joateko edo dena delakoa, nahi zuten adina denbora eta nahi zuten lekuan aparkatzeko aukera zutela”.