"700 pertsona bizi gara Arroa Behean eta kaiola baten barruan gaude"

Baleike 2017ko urr. 26a, 16:38

Urolaren bailarako bidegorri sarea osatzea eskatzeko martxa bat egingo da larunbat honetan. Zumaiatik eta Lasaotik aterako da adar bana eta autopistako biribilgunean egingo dute topo. Aurretik, atzo, Arroa Beheko bidegorriaren aldeko taldeak deituta, bilera irekia egin zen Zumaian, Alondegiko Moila bilera gelan. Bertan, martxa honetan parte hartzeko gonbitea luzatzeaz gain, orain arte emandako pausoen berri eman zen.

Zestoa eta Arroa Behea arteko bidegorria egitea eskatzen dute arroarrek. “Legazpi eta Zumaia arteko bidegorri sarean zati bakarra geratzen da egiteko, Zestoa eta Arroa Behea artekoa; 45 kilometroko bide batean, bost kilometro besterik ez. Lasao eta Zestoa arteko eta Zumaia eta Narrondo arteko bidegorriak egin zirenean, pentsatzen genuen Arroakoa egingo zutela. Baina, ikusita ez zela ezer egiten, mugimenduak jarri genituen martxan”, azaldu zuten atzoko bileran.

Bidegorria osatzea behar-beharrezkotzat jotzen dute auzotarren mugikortasunerako.  “Arroa irla bat” dela ere azpimarratu zuten atzokoan. “700 pertsona bizi gara Arroa Behean eta kaiola baten barruan gaude”. Jaurlaritzak auzoan puntu beltz bat antzeman duela adierazi zuten, “Bombas Azkue aurrean dagoen bidegurutzea. Leku horretarako biribilgune bat proiektatuta dago eta garrantzitsua izango litzateke proiektuan bidegorria txertatzea, behin egin eta gero berriro ez zulatzeko, Txiki Erdin gertatu zen bezala”. Ez da hori auzoak duen puntu arriskutsu bakarra. “Zestoa aldera oinez joanez gero, tunela dago eta hor bazterra oso estua da. Kotxeak, gainera, abiada handian pasatzen dira”.

Instituzioetan

Behar hori instituzioetara ere eraman dute. “Batzar nagusietan egon ginen eta han alderdi guztien oniritzia jaso genuen”. Gero, baina, alderdikeriekin topo egin dutela ere salatu zuten. “Biribilguneak eta antzerako lanak egitea errepideen sailari dagokio eta hori EAJk darama. Bidegorriak egitea, baina, mugikortasun sailaren eskumena da eta hori PSE-EEren ardura da”. Alderdi sozialistak alkatetzak dituen lekuetan antzerako lanak egin direla nabarmendu zuten, baina mugikortasun sailari Urolakoa egitea eskatu zaionean “diru falta” egotzi dutela salatu zuten atzoko bileran. 

Izan ere, Narrondo eta Zestoa arteko bidegorri zati hau egitea merkea ez da. Narrondotik etorkizuneko biribilgunera arteko zati hori egiteko aurrekontua 730.000 euro ingurukoa da. “Proiektu bat badago eta Bombas Azkueren atzealdetik joango litzateke”. Gero, Iraeta inguruan, Urolako tren zaharrak igarotzen zituen bi tunel nahiko egoera txarrean daude eta haiek konpondu beharko lirateke bidegorriak bertatik pasako bazen. “Konponketa horietarako proiektua egiteko aurrekontua bazegoen, baina Aldundian gobernu aldaketa egin zenean, bertan behera utzi zuten”.

Bidegorri zati hau egiteko borroka honetan bailarakoen aldeko iritziak ere jaso dituzte. “Zumaiako turismo teknikaria eta Iraurgi Berritzen erakundeko kidea izan genituen. Gure beharrak azaldu genizkien eta haiek beharrezkotzat jo zuten sarea osatzea. Bailarako turismo eskaintzarako oso garrantzitsua izango zela esan ziguten”.

Turismorako bakarrik ez, auzoko mugikortasunerako ezinbestekoa dela uste dute arroarrek. “Hemen industriaguneak ditugu eta trafiko oso handia. Bizitzako arlo askotarako erabili daiteke bizikleta”.

Gainera, Arroako biribilgune honetan egingo lukete topo bi bidegorrik, kostakoak eta Urolakoak. “Hau bai dela Y bat, beste inon ez da ikusten hain garbi hemen bezala. Mutriku eta Debatik datorren bidegorriak Urolakoarekin hemen egingo luke topo”.

Martxa larunbatean

Urolako bidegorria osatzearen aldeko martxa larunbat goizean izango da. Bi ibilbide izango ditu: lehena Lasaotik aterako da 10:30ean eta bigarrena 11:30ean Zumaiatik, Beheko plazatik. Bizikletaz edo oinez egin daiteke martxa. Bi adarrek autopistako biribilgunean egingo dute topo eta handik Arroa Behera joango dira. Bertan egingo da ekitaldia, 12:30ean.