Zumaiako Institutuak eta Oikiako Eskola Txikiak eraikin berriak izango dituzte

Baleike 2017ko urr. 25a, 16:16

Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren elkarlanaren ondorioz, Bigarren Hezkuntzara zuzendutako eraikin berria egingo da Sagarbideko eremuan. Oikiako Eskola Txikiak, era berean, solairu bakar bat izango duen eraikinaren tramitazioa abiatu du. Obra hauez gain, bi aterpe handi eraikiko dira Sagarbiden eta Aita Mari eskolan.

Gaur goizean Herri Eskolako Sagarbide eraikineko aretoan egin den prentsaurrekoan, Zumaiako Institutuak eta Oikiako Eskola Txikiak izango duten eraikin berrien aurkezpena egin dute Olatz Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, eta Oier Korta, Zumaiako alkateak. Hauekin batera izan dira Maribel Ibarguren, Herri Eskolako zuzendaria, eta Kontxi Iruretagoiena, Oikiako eskolako ikasketa burua.

Hezkuntza Sailaren eta Udalaren arteko elkarlanaren fruitua da eraikin berrien proiektua. Garamendiren iritziz: “Elkarlana, auzolana eta ardura partekatua oso garrantzitsuak dira. Gizartearen arlo guztietan elkarlanean aritzea garrantzitsua bada, hezkuntzan ere bai, eta horretan sinisten dugu. Beraz, elkarlan honek, Zumaiako herriari eta bertako familia eta bizilagunei eragiten dien hobekuntza eta azpiegitura lanak aurkeztea ekarri digu”. Garamendiren ustetan, azpiegitura ez da bakarrik adreilu eta zementura mugatzen. “Horrelako ekintza edo azpiegitura bat martxan jartzen dugunean hezkuntzaren kalitatean ere berme eta eragin zuzena dauka”, jarraitu du.

Bigarren Hezkuntzara zuzendutako eraikin berriak Udalak hezkuntzarako bideratuta duen lurzoruan egingo da, Aitzuri frontoiaren parean. Eraikin berriak 2.482 metro karratu eta 5 milioi euro inguruko kostua izango du. Guztira, 250 ikasle hartzeko aukera izango du. Eraikinak gainera, hainbat baliabide eta instalazio izango ditu. Besteak beste, 10 ikasgela, bi banaketa-gela, bi ikasgela Hezkuntza Premia Berezitarako, liburutegi-mediateka, teknologia tailerra, zientzia laborategia eta gimnasioa.

Bi aterpe berri

Obra nagusi honetaz gain, aterpe berri bat egingo da Sagarbideko eremuan, hala, eskolak dituen beharrak ez ezik, herriarenak asetzeko. “Eskolarentzako arnasgune bat izango da ekintzak aurrera eramateko, baina horretaz gain, eta eskola orduetatik kanpo, herriari zabaldu nahi diogu”, azpimarratu du alkateak. Horrela, gune berri honi esker, kiroldegian dagoen leku faltari erantzuna emango zaio. “Herriko ekitaldientzako ere zuzenduta egongo da estalpe berria, izan ere, herriko handiena izango da, 1.700 metro karraturekin”, azaldu du.

Gainera, Haur Hezkuntzako eraikinean (Aita Mari eskolan), beste estalpe bat egingo dela iragarri du alkateak. Lan horiek Udalak hartuko ditu bere gain, eta 160 mila euroko kostua izango dute. Obrak datorren urtean hastea aurreikusten du Udalak, eta bertako beharrei erantzuteko asmoz egingo da.

Maribel Ibarguren, Haur Hezkuntzako zuzendariak eskerrak eman dizkie Hezkuntza Sailari eta Udalari eman dituzten urratsengatik. “Berri onak dira eta pozik gaude. Herri Eskolak proiektu sendo bat dauka momentu honetan eta 1.300 ikasle inguru ditugu. Komunitate osoaren inplikazio eta partaidetzarik gabe ezinezkoa izango zen guztia aurrera eramatea. Noski, horretan azpiegiturek, espazioek eta eraikinek ere bere garrantzia dute. Espero dugu administrazioek eskola publikoaren alde apustua egiten jarraitzea. Behar guztiak ez dira bermatzen, baina batzuk bai eta bidean goaz”, esan du.

Oikiako eskola martxan

Zumaiako herrian egingo diren obrez gain, Oikiako eskola berriaren lanen nondik norakoaz mintzatu da Garamendi sailburuordea. “Jaurlaritzak eskola txikiekiko duen apustua sendoa da”, aipatu du. Pauso bat aurrerago doaz obra horiek, eta lanen lizitazioa martxan da dagoeneko. Solairu bakarrean eraikiko da eskola, eta guztira, lan horietarako 1,7 milioi euro bideratuko ditu Hezkuntza Sailak.

Udalak utzitako lursailean eraikiko da eskola berria eta 733 metro karratuko azalera izango du. Besteak beste, bi urteko gela, bi gela arrunt, erabilera anitzeko gela, talde txikientzako gela, liburutegia, jangela eta kanpoko aterpea izango ditu.

Kontxi Iruretagoiena, Oikiako ikasketa burua, pozik agertu da proiektuarekin. “Gure eskola Oikiako plazan dago eta aspaldiko eraikin txiki bat da. Gaur egun 2-12 urte bitarteko 37 ikasle ditugu, ez dira gehiegi, baina bai dugun tokirako. Jangela ere frontoiaren aldamenean dugu, soinketa egitera frontoira joaten gara... Herrian ibiltzen gara bideak gurutzatzen eta arriskutsua da. Proiektua diseinatuta dago, eta oso polita eta egokia dela esan dezaket. Ea epeak mantentzen diren eta datorren urte amaierarako obrak egiten hasten diren”, aipatu du. Proiektu berriak eskola txikiari bultzada emango diola uste du Iruretagoienak eta auzoa biziberritzen lagunduko duela.

Alkatearen iritziz, proiektuek eragin zuzena eta positiboa izango dute herriko hezkuntza publikoan. “Gaur hemen aurkeztu duguna legealdiko lorpen handienetakoa da. Herri honek hezkuntzan zituen beharrak asetzea eta irtenbide bat aurkitzea izan da helburua. Izan ere hezkuntzan inbertitzea, etorkizunean inbertitzea da”, azpimarratu du.