Lankide baten kaleratzea salatzeko elkarretaratu dira Okineko langileak

Baleike 2017ko urr. 16a, 14:31
Argazkia: ELA sindikatua

Joxe Mari Korta industriagunean dagoen Okin enpresako langileak fabrikako sarrera aurrean elkarretaratu dira gaur eguerdian lankide baten kaleratzea salatzeko. Okinek gaisotzen zaitu, Okinek kaleratzen zaitu lema duen pankarta batekin kontzentratu dira langile batzordeak deituta.

Kaleratze hau orain bi aste gertatu zela adierazi du ELA sindikatuko kide Zigor Gazpiok. 30 urte inguruko langile honek hamar urteko esperientzia zuen Okinen. “Denbora honetan azterketa mediko guztiak pasa ditu eta orain bi urte irinaren alergia fuerte bat antzeman zioten. Egia da enpresa saiatu dela plantan tokiz aldatzen, baina leku horietan ere segituan ateratzen zitzaizkion mantxak”.

Okin enpresa Indauxek eta Urkabek osatzen duten talde berekoa dela jakinda, taldean barrena mugitzea eskatu diote enpresari. “Langilea horretarako prest zegoen, baina, batzordearekin hitz egin gabe, kaleratze batekin egin dugu topo. Oso gogorra izan da, bera gaizki dago, lana egin nahi du eta kaleratu egin dute. Eskatzen duguna laneko gaixotasuna duen langile bati irtenbide duina ematea da”, gaineratu du Gazpiok.

Azken urteotan 15 langilek izan omen dute alergia mota hori. “Batzuk joan egin dira, baina kasu honetan lanean segi nahi zuenari enpresak ez dio irtenbiderik eman”.

Enpresa gezurretan aritu dela ere salatu du ELAko kideak. “Enpresak esan du beste leku batean lan egitea proposatu diotela, baina langile berak ezeztatu du hori. Langilea batzordearekin joan zen zuzendaritzarekin biltzera eta ez zioten beste lanposturik eskaini”.

Okin Indaux eta Urkaberen talde bereko enpresa da. Indauxek bi planta ditu, Aian bat eta Getarian bestea, eta Urkabek fabrika bat Oiartzunen. “Badakigu Getarian jendea hartzen egon direla. Enpresak esango du ez duela dirurik, baina badu kaleratzeko ordainsaria emateko”.