Zerga eta tasa gehienak KPIaren neurrian igotzea onartu du Udalbatzak

Baleike 2017ko urr. 10a, 17:13
Hondakinen tasak Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko ditu 2018tik aurrera.

EAJ eta PSEren aldeko botoekin onartu dira 2018ko zergak eta tasak. EHBildu ados agertu da orokorrean, baina abstentzioa eman du etxebizitza hutsek aurten ez dutelako errekargorik izango.

Datorren urteko zerga eta tasa gehienak %1,7ko igoera izango dute datorren urtean, hori baita aurreikusitako KPI igoera. Badira salburespenak, hala ere. Esate baterako, ondasun higiezinen gaineko zergak ez du igoerarik izango; Aldundiak %2ko igoera iragarri du higiezinen balore katastralean, eta hura konpentsatzeko. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga ere bere horretan mantenduko da, besteak beste. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kasuan, orduaren kostea jaistea erabaki dute, zerbitzuaren erabilera bultzatzeko: lanegunetan 17,5 eurotik 16 eurora jaitsi da, eta jaiegunetan 18,5 eurotik 17 eurora.
 
Ur hornidura, Kirol Patronatuko tasak, Musika Eskolakoak eta Udal Jabari Publikoen erabilerarena 1,7 igoko dira. Bada KPI baino gehiago igoko den tasa bat, TAO sistemari dagokiona. Urte osoan egoiliar txartela dutenek (Ardantzabide) 25 euro ordaindu beharko dute –aurten 15 izan dira– lehen txartela, 35 bigarrena eta 45 hirugarrena. TAO sistema arautzen duen ordenantza, lehen urtearen balorazioa egin ondoren berrikusiko da.
Tasa berriak ere sortu ditu Udalak, behar bezala arautu gabe zeuden zerbitzuei erantzuteko. Esate baterako, San Telmo baselizan ezkontzeko 170 euro ordaindu beharko dira; Udalarenak diren lokalen erabilera tasa ere berritu da: esate baterako, Aita Mari zinema 48 euro egun erdia eta 91 euro egun osoa.
 
EHBilduren abstentzioa
EHBildu ados agertu da egindako planteamendu orokorrarekin, baina abstentzioa eman zuen asteleheneko plenoko bozketan, etxebizitza hutsei aurten ere ez zaielako errekargorik aplikatuko. “Orain bi urte kendu zen errekargoa berreskuratzea eskatu diogu Udalari, etxe hutsen merkaturatzea errazteko eta diru hori etxebizitza politikan berrinbertitzeko. Zerga politikan progresibitatea aplikatzea guretzako irizpide nagusienetakoa izanik, beharrezkoa deritzogu”.  Lege aldetik egon zitezkeen zalantzak uxatu dituzte epaitegiek eta erabat legezkoa da errekargo hori aplikatzea, baina Udal Gobernuaren iritziz neurri horrek ez du bere helburua betetzen, ez da eraginkorra etxebizitza hutsak merkatura aterarazteko.
 
Hondakinen tasa
2018rako hondakinen kudeaketa Urola Kostako Udal Elkartearen esku geldituko denez, tasak ere han erabakiko dira eta handik kobratuko dira. Beraz, udal tasetatik kanpo gelditu da. Oier Korta alkateak jakinarazi duenez, hondakinak biltzeko sistema berria otsail aldera martxan egotea da asmoa. Errefusa eta organikoa txipdun edukiontzien bidez jasoko da; hala ere, berrikuntzarik handiena negozio eta enpresen hondakinen kudeaketan egongo da, atez ateko sistema bat ezarriko baitzaie.