'Hozkailua' antzezlanarekin hasiko da aurtengo antzerki denboraldia

Baleike 2017ko urr. 6a, 13:59

Urriaren 20an hasiko da aurtengo antzerki denboraldia Zumaian Huts teatroaren Hozkailua antzezlanarekin. Saioa 22:00etan izango da Alondegiko Oxford aretoan. Sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan, 5 euroan. Emanaldiaren izaera dela eta aukeratu da formatu txikia, baina adi!, ikusle kopurua mugatua da eta.

Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten ordea. Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da Hozkailua.

Unai Iturriagak idatzi eta Manex Fuchsek zuzendutako antzezlana da hau. Aktoreak Ander Lipus eta Patricia Urrutia dira.

Beste sei emanaldi

Abenduaren amaierara bitartean beste sei antzezlan edo dantza emanaldi izango dira Zumaian.

  1. Azaroak 7, asteartea: Tanttaka teatroaren Muxua. 15:30ean, Aita Marin. Ikastetxeetako ikasleentzako emanaldi berezia.
  2. Azaroak 12, igandea: Gus marionetasen Cletaren ametsa. 12:00etan, Aita Marin.
  3. Azaroak 24, ostirala: Iris teatroren Frida (gazteleraz). 22:00etan, Aita Marin.
  4. Abenduak 15, ostirala: Tartean teatroaren Ez dok hiru. 22:00etan, Aita Marin.
  5. Abenduak 23, larunbata: Glu gluren Go!azen. 18:00etan, Maria eta Josen. Sarrerak: azaroaren 27an, 18:00etan, Oxford aretoan eta Aitzuri frontoian.
  6. Abenduak 29, ostirala: Astindu eta Korrontzi Dantzanen Korrontzi benefic dantza emanaldia. 20:00etan, Maria eta Josen. 

Sarrerak: aurretik turismo bulegoan; emanaldia baino ordu erdi lehenago aretoan bertan. Gazte txartelarekin deskontuak izango dira.