Oubaddik eta Merinok estreinatu dute Euskal Kosta Kroseko palmaresa

Baleike 2017ko ira. 30a, 23:32
El Hassan Oubaddi. Argazkiak: Peio Romatet

El Hassan Oubaddi (1:03:53) eta Aroa Merino (1:14:56) dira Euskal Kosta Kroseko lehen irabazleak. Eskualdeko azkarrenak Guillermo Vahl eta Josune Zabala zarauztarrak izan dira. Zumaiarren artean, Jonan Rodiguez (1:16:27) eta Leire Baraibar (1:34:39) izan dira onenak. Lehen edizio honetan 500 bat korrikalarik hartu dute parte. 

Goiz parteko euri zaparraden kezkak uxatuta, korrikarako eguraldi aproposarekin abiatu dira Beheko plazatik korrikalariak. Aurretik ibilbide berria: kostako errepidetik Zarautzeraino joan eta etorri, 21 kilometro. Lasterketa hasieratik Oubaddi, El Mouaziz, Lakriti, Mazouzi eta Lachgar marokoarrak jarri dira lasterketa buruan, gainontzeko korrikalariei garaipenaren borrokarako aukerarik utzi gabe. Zarautzera iristen, Oudabbik erritmoa bizitu eta atzean utzi ditu iheskideak. Zumaiara bueltan, aldea handitu baino ez du egin, helmugan bigarren izan den El Mouazizi minututik gora atera arte.

Aroa Merino Zarauztik bueltan.

Emakumeen artean are nabarmenagoa izan da lehen sailkatuaren nagusitasuna. Aroa Merinok –Behobia-Donostiako iazko irabazlea– aurrera jo du eta Tamara Sanfabiok ez du kanariarraren erritmoa jarraitzeko modurik izan. Sanfabio izan da bigarren helmugan ia zazpi minutuko atzerapenarekin, eta hirugarren Maite Arraiza lazkakotarra izan da. Azpimarratzekoa da gizonen zein emakumeen lasterketak oso azkarrak izan direla. Oubaddik 3 minutu eta bi segundoko erritmoan osatu du kilometroa batazbeste; Merinok 3:33ko erritmoan. Hurrengo urterako hortxe erronka, marka horiek ontzea.

Lasterketari irteera eman aurretik Nagusilan elkarteari egin zaio omenaldia, edadeko jendearen ongizatearen alde egiten duten lan bikaina eskertzeko.