Ane Castro, Floridatik: "Irma urakana dela eta, tentsioan gaude"

Baleike 2017ko ira. 8a, 19:00

Irma urakanak mehatxupean ditu Florida, Leeward Uharteak, Puerto Rico eta Kuba. Ane Castro (Zumaia, 1995) Floridako hiriburuan, Tallahasseen dago joan den abuztutik. Aurreikuspenen arabera, igarotzekotan datorren asteburuan pasako da urakana Castro bizi den lekutik. Azken egunotan bizitzen ari diren egoeraz aritu da Urola Kostako Hitzarekin.

Noiztik eta nolatan zaude Floridan?

Abuztuaren 8an etorri nintzen Floridara, duela hilabete, zehazki. Linguistikako master bat egiten ari naiz, Floridako hiriburuan. Unibertsitatean bertan irakasle naiz eta gaztelerako klaseak ematen ditut bertako ikasleentzako.

Iragarpenen arabera, urakanak balizko hiru norabide ditu, eta haietako bat zuenetik pasatuko litzateke. Zer babes neurri hartzeko esan dizuete?

Bai, hala da. Oraindik ez dakigu hemendik igaroko den edo ez, baina badaezpada babes neurriak hartzeko esan digute. Esaterako, oso garrantzitsua dela telebista edo irratia jarraitzea, hau da, informatuta mantentzea beti. Izan ere, predizkioak aldatzen ari dira uneoro. Horrez gain, urakana igaro aurretik hartu beharreko neurrien berri eman digute. Alde batetik, balkoietatik guzti-guztia kentzeko esan digute. Bestetik, Irma igarotzean argirik eta urik gabe geldituk garenez, ur botilak erostea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute, baita janaria erostea ere. Gainera, elikagai edo janari horiek hozgailurik behar ez duten jakiak behar dute izan, ez baitugu argindarrik izango. Hala, ontziratutako barazkiak, frutak… eta halakoak erosi behar dira. Horrez gain, autoak gasolinaz beteta egon behar direla esan digute eta dirua esku-dirutan izatea komeni dela azaldu dute. Argiari dagokionez, kandelen ordez linternak erosteko deia egin dute, kandelekin suteak gerta daitezkeelako. Dokumentu garrantzitsu guztiak plastikozko karpeta batean gordeta izatea ere gomendatzen dute.

Jarraitu irakurtzen: Urola Kostako Hitza