Euskal dantzak oinarri dituen emanaldia egingo dute Astinduk eta Korrontzik

Baleike 2017ko ira. 6a, 08:34

Zumaiako Astindu Dantza Taldeak eta Korrontzi musika taldeak elkarlanean antolatuta, euskal dantzen emanaldia izango da Gabon garaian, Zumaian. Abenduaren 29an izango da, Maria eta Jose ikastetxeko areto handian. Ikuskizun hori behar bezala prestatzeko, entsegu saioak izango dira bihar hasi eta emanaldiaren atarira bitartean. Izena emateko epea ere bihar bertan amaituko da. 

Astinduko kideek bazuten aurrez ere Korrontzi taldearekin lan egiteko asmoa edo gogoa, eta uda honen atarian egin zen ikuskizunerako egin zen lehen saiakera. “Azkenean beste aukera bat atera zen, musikala, eta hura egin genuen Ondartxon”, adierazi du Ane Azkuek. Berekin dira Lide Aizpurua eta Ana Bakedano, hauek ere Astinduko kideak.

Lehen saiakera ezerezean amaitu bazen ere, ikusita kolaboratzeko interesa zegoela, Korrontzikoak jarri ziren oraingoan harremanetan Astindukoekin ikuskizun hau prestatzeko. “Korrontzikoek beste hainbat dantza talderekin kolaboratu dute eta oraingoan gurekin lan egin nahi izan dute. Jarri duten baldintza bakarra zen areto barruan izan behar zuela”, azpimarratu dute.

Abenduaren 29an ikusiko den ikuskizuna oraindik prestatu gabe dago; ostegun honetatik aurrera Maria eta Jose bertan egingo diren entseguen ondorioa izango da emaitza. “Dakiguna da euskal dantzak izango direla ikuskizunaren oinarria, baina ez dira ohiko arin-arinak eta fandangoak izango. Euskal dantza hauei buelta bat emango zaie”. “Hasieran eta amaieran izan ezik, beste koreografia denak talde txikitan egingo ditugula pentsatzen dugu”, gaineratu dute.

Bi entsegu mota izango dira. Ostegunetan, hilean behin, hiru orduko saioak  egingo dira (18:00etatik 21:00etara) eta entsegu horiek Korrontziko kide batek gidatuko ditu. “Hor erakutsiko dizkigute emanaldirako prestatu dituzten koreografiak eta gero, gure kabuz, mugimendu horiek landuko ditugu beste entseguetan”. Bigarren saio hauek ostiralero egingo dira eta bi orduko iraupena izango dute (19:00etatik 21:00etara).

Izen-ematea ixtear

Entseguak bihar hasiko dira eta bihar bertan itxiko da izen-emate epea ere. Bi baldintza izango dira parte hartzeko: 16 urtetik gorakoa izatea eta euskal dantzetan, gutxienez, oinarrizko maila izatea. Astinduko bazkideentzat matrikula doan izango da eta bazkide ez direnek 20 euro ordainduko dituzte.

Izenak Alondegia kultur etxean eman daitezke, bulegoko orduan (10:00-13:00), edo posta elektroniko bidez mezuak kulturetxea@zumaia.eus edo astindu.zde@gmail.com helbideetara bidalita.