Egiguren:"Goikok jokatzea nahi genuen"

Baleike 2017ko ira. 2a, 10:54
IƱaki Osa Goikoetxea, Red Bull babeslearekin kaskoarekin. Argazkia: Peio Romatet

Iñaki Osa Goikoetxeak Jai Alai World Tourrean parte ez hartzeak hautsak harrotu ditu zumaiarren artean. Horren aurrean, Jai Alive enpresako arduradun Mikel Egigurenek gertatutakoaren inguruko bere azalpenak eman nahi izan ditu, kontuak argitze aldera. 

Hemen Egigurenek adierazitakoa:"Guk Goikok txapelketa jokatzea nahi genuen, Zumaian Lopez eta Enbilekin batera egotea nahi genuen, eta berekin harremanetan jarri ginen kontratua eskaintzeko. Koadroko kontratu onena eskaini genion, iaz bezala".

Arazoa, babesleen irudi eskubideen arteko talka bat izan dela dio Egigurenek: "Aurten babesle bat lortu dugu txapelketarako, CQNZ aplikazioa [Instagram modukoa, Mexikokoa]. Oso interesatuta daude zesta puntan eta guretzat aukera oso ona da. Egindako tratuan, besteak beste, pilotarien kaskoan babeslearen logoa agertzea adostu genuen. Goikori aipatu genion akordio hori zegoela eta aurten ezingo zuela txapelketan Red Bulleko bere kaskoa erabili. Horren aurrean berak erantzun zigun hori ezinezkoa zela. Eskatu genion hitz egiteko bere babeslearekin, ea konpondu zitekeen. Baina erantzuna berriro izan zen ez zela posible, berak kasko horrekin jokatu behar duela. Horixe izan da guztia. Ez dago besterik. Guk ez daukagu ezer Goikoren kontra".