Jai Alai World Tourreko partidak jokatuko dira irailean Aitzurin

Baleike 2017ko abu. 30a, 17:49

Maila goreneko zesta punta partidak ikusteko aukera  izango da datozen hiru ostiraletan Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Jai Alai World Tourraren baitan antolatutako 4. Master Serieseko finalerdiak eta finalak jokatuko dira bertan. Txapelketa honetan izango diren pilotarien artean bi zumaiar izango dira: Imanol Lopez eta Gotzon Enbil. 

Lau izango dira Aitzurin jokatuko diren jaialdiak. Irailaren 1ean eta 8an finalerdiak jokatuko dira; finalak, berriz, hilaren 15ean jokatuko dira. World Tourreko beste jaialdi bat ere jokatuko da hilaren 29an. Open desafioa izena jarri diote eta gaur Aitzurin egindako aurkezpenean azaldu dutenez, oraindik erabaki gabe dago zer pilotarik hartuko duten parte.

Munduko pilota batzordeko presidente Fernando Azkaratek adierazi duenez, zesta puntari bultzada emateko asmoa dago. Hala, aurtengo World Tourra abendura arte luzatuko da. “Gabonak ere zirkuituaren baitan sartu ditugu”, aipatu du. Zumaian jokatuko diren partidak arrakastatsuak izateko desioa ere luzatu du Azkaratek.

Jai Alive enpresako ordezkari Mikel Egiguren ere pozik agertu da Zumaian egotearekin. “Iaz oso ondo joan ziren partidak eta jende ugari izan genuen. Munduko pilotari onenetakoak izango dira txapelketa honetan”.

Zesta puntari bultzada eman nahian, jaialdi hauetan afizionatu mailako pilotari gazteei ere ateak zabalduko zaizkie. Hala, lehen partidetan afizionatuek jokatuko dute.

Pilotari hauen parte hartze hori positibotzat jo du Egigurenek. “Eskoletako gazteak egotea oso ona. Zumaian, adibidez, oso lan ona egiten da”.

Oier Korta alkateak, berriz, eskerrak luzatu ditu bigarren urtez txapelketa Zumaiara ekarriko dutelako. “Ea iaz bezalako arrakasta izaten dugun eta herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera”.

Urte bukaeran jokatuko diren azken partidetako bat (bi finalerdi eta finala) Zumaian jokatzea ez zuen baztertu. «Hiru frontoi beharko ditugu eta ikusiko dugu, agian horietako bat Aitzuri izan daiteke». 

Ostiralean lehen jaialdia

Ostiralean jokatuko da lehen finalaurrekoa. Lehen partidan Zumaia A eta Zumaia B neurtuko dira. Partida nagusian Olha eta Imanol Lopez, Zulaika eta Etchetoren aurka arituko dira.

Sekulako uda egiten ari den Imanol Lopez etxean ikusteko aukera izango da, gainera. Entrenamenduetarako frontoia erabili badu ere, Aitzurin jokatzen duen lehen partida izango da biharkoa beretzat.

Irailaren 8an, afizionatuetan, Donostiako eta Gasteizko pilotariak neurtuko dira; nagusian, berriz, Egiguren eta Gotzon Enbil, Olharan eta Inzarekin. Bi finalerdietako irabazleek irailaren 15eko finalak jokatuko dituzte.

Jaialdiak 20:00etan hasiko dira eta sarrerak dagoeneko salgai daude Lubaki kiroldegian, 12 euroan. Egunean bertan frontoiko leihatilan ere izango dira salgai, 19:30ean. 

Marmitakoa opari

Irailean jokatuko diren lau jardunaldietan, bi partiden artean, marmitako platerka bana oparituko die Pilota Elkarteak partidak ikustera bertaratzen direnei. Marmitakoa Aitzuriko frontoiko jatetxean prestatuko da. Horrekin batera Etxetxo txakolina edo Tximista sagardoa ere eskainiko zaie.