Martxelo Linazasoro, txanperogile zumaiarra

Baleike 2017ko abu. 22a, 15:06
Martxelo, Dolores, Jose Luis, Ane Miren eta Inazio, Zarautzen, 50eko hamarkadan.

Oraingo gazteek ondo dakite zer den bodyboarda, baina, jakingo ote dute zer diren txanperoak? Olatuak txanpan hartzeko egurrezko ohol berezi batzuk ziren, eta egileen artean zumaiar bat zegoen, Martxelo Linazasoro Egaña. Haren inguruko erreportajea idatzi du Xabier Azkue Ibarbiak uztaila-abuztuko Baleike aldizkarirako eta orain webgunera ekarri dugu. 

Azken urteotan indar handia hartu du bodyboardak Zumaian, eta ikusi besterik ez, esate baterako, Alex Uranga noraino iritsi den Itzurunen hasitako bidetik. Olatuak etzanda hartzea, ordea, ez da hain kontu berria, eta 35-40 urtetik gorakoek gogoan izango dute txikitan nola erabiltzen zituzten txanperoak, olatuak txanpan hartzeko egurrezko ohol berezi haiek. Elurretarako ere ez ziren txarrak! Surfeko taulen aurrekariak izan ziren nolabait, merkeagoak ziren eta ia edozeinen esku zeuden. Erribera kaleko Galdona dendan saltzen zituzten behintzat, Zumaian.

Ohol horietako batzuk hurre egiten zituzten, Zarautzen, eta Iñigo Urdinaga oriotarraren Surflaria eta paradisua blogaren bitartez jakin dugu zumaiarra zela txanperogile bat: Martxelo Linazasoro Egaña. Pixka bat ikertu eta seme-alabekin harremanetan jartzea ere lortu dugu. Pozik hartu dute telefonoa. “Oso zumaiarra zen aita, ondo amantea zen Zumaiakoa” esan digu haren alaba Ane Mirenek. Zumaian jaioa da bera ere, eta 9 urte zituela joan ziren Zarautzera, gurasoekin eta anaia Inaziorekin, eta han jaio zen Jose Luis, gazteena. Ahal zuen guztietan etortzen zen Martxelo Zumaiara; oso bereak zituen sanpedroak eta santelmoak, prozesioan jaitsi eta ezagunekin hamaiketakoa egitea. Izan ere, San Telmo txikiaren aurrean bizi ziren Zumaian, Bonbillokoa edo Zanbuionekoa deitzen dioten etxean.

1902ko irailaren 14an jaio zen Martxelo. Aita upelgilea zuen: Jose Manuel Linazisoro Azkue, “oficial tonelero”, 1910eko erroldako datuen arabera; osaba, berriz, Asentxio, Pasaiara joandako Jose Manuel Linazasoro Txulofronton ezagunaren aita[1]. Abizen aldaketari buruz, Ane Mirenek kontatu digu berak Linazisoro abizenari eutsi diola, izeko batek hala eskatuta, baina etxeko gehienek Linazasoro idazten dutela. Martxelo, aitaren bidea hartuta, arotz lanetan hasi zen gaztetan Balenciaga ontziolan, eta aparte piraguak egiten hasi zen San Telmo kaleko aroztegian, soilak eta oso sendoak. Julio Beobideren museoan dago horietako bat, 3 m luze eta 0,86 m zabalekoa.     

Jose Luis eta Ane Miren, Martxelo Linazasororen seme-alabak.

1940an familiarekin Zarautzera joan zen Martxelo, eta Juaristiren aroztegian ibili zen. Hala ere, zumaiarra zela esaten zuen, eta arraunean ere Zumaiaren alde Martxelo beti. Ordu libreak eta asteburuak aprobetxatuta, piraguak egiten ibili zen, etxekoekin. Saihetsak akaziarekin egiten zituzten, alboko listoiak pinuz eta lona batekin forratzen zituzten; urik ez sartzeko linazi olioa ematen zieten gainean, eta gero kolore askorekin margotu. Martxeloren emaztea, Dolores Alkorta, getariarra zen, eta hark egiten omen zituen jostun eta pintore lan gehienak, artista zelako. Kaxeta edo etxola bat jarri zuen familiak Munoa inguruan, piraguak alokatzeko, arraunak gehituta. “Se alquilan piraguas, pirauchos y champas” jartzen zuen kartelean. 1970 aldera arte eduki zuten.

Hainbat motatako piraguak egin zituzten: lagun batentzakoak, birentzakoak, eta kanoa indiarren tankerako mutur berezia zutenak ere bai. Jose Luisek azaldu digunez, Zarautzen garai batean estropada edo lasterketa bereziak ere egiten omen ziren, binaka, eta berak ere parte hartu zuen behin baino gehiagotan: hondarretatik abiatu saltaka piragua eskuetan, arraunean balizara joan-etorria egin eta hondartzan saltaka bukatu.

Urte askoan ibili zen piraguen alokairu horrekin, bestelako lanen osagarri, Linazosoro-Alkorta familia osoa. Denboraldia amaitutakoan, Salbideko albergan garbitu eta kentzen zieten lonetako kresala piraguei. Ane Mirenek ondo gogoan du iltzeak galvanizatzera trenez etortzen zela Zumaiara, guardia zibilen kuartelaren ingurura (Basusta jatetxea dago hor orain), Juan Mari Aizpuruaren tailerrera (gaur egungo postetxearen parean). Inguruko denentzat topatzen omen zuen aitak eginkizuna, denak jartzen zituen martxan.

Ezinegon edo ekimen horren adibide, Jose Luisek kontatu digu aitak haur eta gazteei asko begiratzen ziela, eta Zarautzen uretarako beste zerbait falta zela ohartu zela. Horregatik, haientzat inguruko hondartzetan begira ibili zen Martxelo, Donostian Jose Luisekin eta Biarritzen Ane Mirenekin, frantsesez bazekielako. Bi ideia ekarri zituen: pirautxoak (arrautzen formakoak, gomazkoak, kanpotik lona zutenak) eta txanperoak, egurrezko ohol kurbatuak.

Gutxi gorabehera 1955 eta 1975 bitartean egin zituen txanperoak, eta Martxelok molde edo prentsa batzuk prestatu zituen, behar zuten okerdura emateko. Duela bi hilabete lokala bota duten arte, han eduki dituzte prentsa eta tresna haiek. 3 taula hidrofugo lotzen zituen kola kasko izenekoarekin, eta sarjentekin estutu. 24 orduan gogortzen utzi, lixatu eta berniza ematen zieten bi aldiz. Gehienbat Hondarribia eta Irun aldean, Donostian eta Zarautzen saltzen ziren.

Biarritz aldekoen oso antzekoak ziren hemengo txanperoak, baina arotz bakoitzak bere ukitua ematen zion. Martxeloren lanen ezaugarria izan zen oholaren beheko aldea biribiltzea, surflariaren gerrira hobeto egokitzeko eta errazago erabiltzeko. 3 neurrikoak egiten omen zituen, eta txikietako bat oraindik gordea du Jose Luisek etxean. Jubilatu eta gero ere, aita askotan joaten omen zen lantokira oholak egitera, baita 80 urte baino gehiagorekin ere. 1987an hil zen, San Pedro egunaren bezperan. Horretan ere zumaiarra izan, Martxelo.

Gaia ikertzen ari direnek hala aitortuta, Martxelo Linazasorok Euskal Herriko surfaren historian kokatzen du Zumaia, historiaurrea izenda dezakegun horretan. Hari esker, bazter guztietako jendeak probatu zuen lehen aldiz olatuaren indarra. 1970etik aurrera, ordea, surfeko oholak zabalduz joan ziren hondartzetan, eta pixkanaka txanperoek lekua galdu zuten hemen ere; are eta gehiago 1980ko hamarkadan kortxoak agertu eta gazteak olatuetan era askotako maniobrak egiten hasi zirenean. Bazetozen atzetik Alex Uranga eta konpainia.

 

Iturriak:

- Echegaray Eizaguirre, Lázaro; Troitiño Berasategi, Mikel: Olatuek ekarri dutena: Zarauzko surfaren istorio bat, Zarauzko Udala, Kultura Saila, 2007.

- Urdinaga, Iñigo: http://surflariaetaparadisua.eus/gure-lehen-surf-oholak/

- 1910eko errolda. Zumaiako artxibategia, 136. kaxa.



[1]                AZKUE IBARBIA, Imanol: Jose Manuelen ibilerak. Baleike kultur elkartea, Zumaia, 2013.