Itzurunen pilatutako oldiarengatik kexu dira bainuzaleak

Baleike 2017ko abu. 16a, 15:48
Putzuetan beltzunean eta zurigunean agertu dira, useldutako oldiaren ondorioz.

Ohikoa da Itzurunen itsasoak ekarritako oldia agertzea tarteka, baina normalean itsasaldi batek eramaten ditu edo algazaleek bildu izan dituzte, eta ez da aparteko arazo izaten. Aurten, ordea, ia uda osoa darama oldiak hondartzan, dagoeneko usteltzen hasita dago, eta ohiko bainuzaleak kexu agertu dira oldia ez delako jasotzen.

Algazaleek aurten ez dute oldi mota honekiko interesik agertu, eta beste inork jaso ez duenez, ur-ertzean eta Itzuruntxiki aldeko brankadan dago pilatuta. Putzuetako ura dagoeneko belztuta ikusten da, oldia usteltzen hasi delako, eta marea jaisten denean usain txarreko ur isuria irteten da igerileku aldeko eskailera parean. Usteltzen ari den oldiaren eraginez ateratzen da ur beltz hori, eta oldia pilatzen den urteetan gertatzen da, batik bat oldia hondar azpian harrapatuta gelditzen bada.

Hondartzako erabiltzaile eta bainuzaleei eragiten dizkien eragozpenak aparte, oldia hainbeste denboraz hondartzan edukitzeak bestelako garbitasun arazoak ekar ditzake, usteltzeaz gain, zaborrarekin nahasita pilatzen baita.